Frankenstein munstroa eta bere neska-laguna (aurtengo Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Asteko kartelaren protagonista) bizitzara ekarri zituen ekaitz elektrikoa bezala, tximista Ubikeko autoedizio txokoraino zabalduko da eta fanzine ikaragarrien sorkuntza prozesuan argiztatuko gaitu.
Tamainak, paperak eta formatuak nahasiz, koadernaketa teknika berriak deskubrituko ditugu eta gure fanzineak burutzeko edukiontzi ezberdinenetan arituko gara. Autoedizioaren ohiko egiturak apurtzen dituzten hiru formatu proposatuko dira, betiere paperak eta grapak eskaintzen dituzten aukerez baliatuz. Material ezberdinak ezagutuz, paperak tolestu, fastener eta torlojuak bezalako gailuak erabili eta zabalgarriak egingo ditugu. Gure proposamenak moldatu eta fanzine/objektu txikia edo gure hibridoa sortzeko parada ere izango dugu, ondoren gure intereseko edukiekin beteko duguna, modu analogiko ala digitalean.
Zatoz energia jaso eta zure “izakia” sortzera.
* Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Asteak, Ubik, Tabakalerako sorkuntza liburutegiko autoedizioaren txokoarekin eta FNACekin lankidetzan antolatutako 2018ko Fanzineen Gerraren baitan kokatzen da jarduera hau.
2018ko Fanzine Gerraren baitan, gure fanzinea sortzeko aukera izango dugu lantegi honetan, hainbat material eta teknika erabiliz.