Atlas hilabetero Medialaben egiten dugun autoedizio lantegia da. Prozesu kolektibo baten bitartez, guztion artean, fanzine bat sortuko dugu ikasturtean zehar. Gaia erabaki, hitz eta marrazkien bitartez orrialdeak bete, azala eta tipografia landu, diseinua, edukia txukundu eta maketatu… eta azkenik, inprimatzeari eta koadernaketari ekingo diogu, gure fanzineak argia ikus dezan. Prozesu guztia aurrera eramateko ezinbestekoak izango dira Medialab Tabakalerak erabiltzaile guztiei eskaintzen dizkien baliabideak (erremintak, espazioa, gailuak…) eta bilduma ere, ideia eta erreferentziak bilatzeko iturri agortezina.
Atlas proiektuak 2015. urtean abiatu zuen bere ibilbidea Donostiako Atotxako dorreko sukaldean Guillotina kolektiboa bidelagun. Gerora, Tabakalerara lekualdatu eta urteak eman ditugu ilustrazioa, grabatua, koadernaketa edota kaligrafia mundura gerturatzen, gure publikazioak sortzeko geruzak eta teknikak ikasten, DIY eta DIWO filosofiak oinarri hartuta.