El tiempo perdido, María Álvarez, Argentina, 2020, 102'
2020ko Mar de Platako Nazioarteko Zinema Jaialdiko film argentinar onena.
2017an, María Álvarezek zuzendutako Las cinéphilas dokumentalaren proiekzioarekin eman genion amaiera Tabakalerako zinema-denboraldiari. Emanaldi hura gure publikoarentzako opari gisa iragarri genuen. Film hori zuzendariaren lehen lana da, eta omenaldia egiten die munduko emakume zinemazaleei, alegia, egunero-egunero zinemara joaten diren Espainiako, Uruguaiko eta Argentinako emakume erretiratuei. Emakume horien eguneroko bizitzek beren hirietako zinematekatan ikusten dituzten film horiek dituzte ardatz. Zinemara joatea gure bizitzen parte gisa; horixe jasotzen zuen film hark.
Bada, hiru urte beranduago, María Álvarez gurekin dugu berriro, beste film-opari batekin, beste film-omenaldi batekin.
Tabakalerako zinema-taldearentzat oso garrantzitsua da urteko lehen filma aukeratzea, urtarrilaren 1ekoa. Denboraldiari hasiera emango dion film horren hautaketak balio sinbolikoa du, aro berriak zer bide hartuko duen zehazten laguntzen diguna. Ekintza kontzientea izaten da, alegatu eta aldarrikapen itxurakoa. Hau esan nahi izaten dugu: “film hau aukeratu dugu, horrelakoak garelako”.
María Álvarez izango dugu berriro gurekin, azken lau urteetan filmatu duen beste dokumental batekin. Lan berri hori aurrekoaren osagarri da nolabait: lehen filmean zinemara joaten diren emakumeak ziren protagonista, eta, oraingoan, berriz, ozenki irakurtzen duten emakume eta gizonak.
Sinopsia sinplea da. Pertsona multzo bat Buenos Airesko taberna batean biltzen da duela hemezortzi urtetik, behin eta berriro liburu bera irakurtzeko: Marcel Proust-en En busca del tiempo perdido. Beren oroitzapenak eta emozioak tartean direla, taldeak esanahi berri eta pertsonala ematen dio eleberriari, umorez, beldurrez eta lagunartean.
Esparru birtuala, distantziak eta sakelako pantailak nagusi diren garai honetan, film hau oasi bat eta erresistentzia-keinu bat da; izan ere, ba al dago zazpi liburuki eta milaka orrialde ozenki irakurtzeko elkartzen den jende multzo bat baino ezer iraultzaileagorik?
Ekintza sinple eta zuzen horrek munduari erantzutea du xede. “Horrelakoak gara” esan nahi du. Irakurleak. Eta irakurtzen jarraitzen dute, une jakin batean literatura-fikzioa eta liburutik kanpoko bizitza nahasten hasten diren arte, obra on guztietan gertatzen den bezala. Inoiz arteak ezertarako balio izan badu, agian horretarako izango da.
Film honek gai ugari lantzen ditu: denboraren iragana, bakarrik egoteko beldurra, lagunartea, elkartzeko poza, hirietako bakardadea, bizitzako umorea, galdutako horrek sortzen digun samina, hurrengo orrialdeak dakarrenaren itxaropena eta literaturak eta arteak ematen duten babesa –behin eta berriro horietara itzultzeko aukera ematen digutelako, nora itzuli edukitzea gero eta zailagoa den garai honetan–.
Bi mirari: batetik, film batek irakurtzeko gogoa piztea, eta, bestetik, film batek entzuteko gogoa piztea. Baita hirugarren ideia bat ere: film hau hemendik urte askotara –agian ehun urtera– museo batean proiektatzeko modukoa dela pentsa daiteke, aspaldiko garaiei buruzko museoren batean. “Horrelakoak ginen” esango du orduan norbaitek. Poliki eta ozenki irakurtzen zuten emakume eta gizonak, hiri handiaren barneko babesleku batean, munduak bertigorantz biraka jarraitzen zuen bitartean.
Mar de Plata Nazioarteko Zinemaldi argentinarrean Pelikularik Onena.