2015eko otsailaren eta 2016ko azaroaren artean bi artistekin, tabako fabrikako langile ohien talde batekin eta aktoresa talde batekin lan egin dugu Mañana Goodbye proiektuan. Hamabi kapituluko serie bat da, eta garai bateko tabako fabrika egungo Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa bihurtu zeneko ekoizpen ereduaren aldaketa aztertzen du. Airean bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? Eta nola eta nondik hitz egin memoriaren inguruan? Lantegitik atera eta gero izenburua daraman jarduera programa batek lagun egiten dio proiektuaren bigarren faseari.
Mañana Goodbye Sotoan bisitatu daiteke, bertan baitago ikusgai ikus-entzunezko instalazio moduan, eta atal berri bat gaineratzen zaio hilero, 2016ko iraila arte. Une horretatik aurrera, toki berean instalatuko da lana, eta zenbait hezkuntza programaren bidez aktibatuko da: Historia, oroimena eta lana eta Elkar lanean jarraituko dugu?
Aurrekariak eta testuingurua
Proiektua taxutzeari 2014ko amaieran ekin genionean, nekez irudika genezakeen zer norabide hartu behar zuen Tabakalerako langile ohiekiko bitartekaritza-prozesuak. Garai hartan, 2015eko irailetik aurrera Donostiako antzinako tabako-fabrikan egoitza izango zuen kultur proiektuaren oinarriak finkatzeko lanean ari ginen Atotxa dorreko bulegoetan. 2012tik Tabakalerako kultura-zuzendari den Ane Rodríguezekin izandako elkarrizketen bidez, eraikineko 0 solairuan espazio txiki bat zegoela jakin genuen, gaur egun Sotoa deitutakoa. Fabrikaren arkitektura-eraberritzearen barruan espazioen birmoldaketa handi samarra egin beharra bazegoen ere, toki horrek jatorrizko eraikinaren egiturari eutsiko zion. Zuzendaritzak toki hori aktibatzeko lana abian jartzea proposatu zigun, eta prozesu horretan hainbat osagai kontuan hartzea; besteak beste, Egiatik proiektuari –Okupgraf kolektiboak 2008an garatua– berriz ere heltzea nolabait. Urte hartan, hainbat elkarrizketa egin genituen fabrikako langile ohiekin eta Tabakalera dagoen auzoko (Egia) eragile batzuekin. Ondoren, erakusketa bat egin genuen prozesu horren barruan lortutako material jakin batzuk oinarri hartuta.
Batetik, beraz, fabrikan lanean aritutakoekin harremanetan jartzeko eta bitartekaritza-prozesu bat abian jartzeko asmoa zegoen. Prozesu horrek esku-hartze bat planteatu behar zuen espazioan, Egiatik proiektuan lortutako materiala kontuan harturik. Bestetik, arloko kideon ustez garrantzitsua zen kanpoko eragileren baten laguntza edukitzea, lan-prozesuan gurekin batera parte hartzea eta, praktika artistikotik, begirada bat proposatzea. Horrenbestez, Marion Cruza eta Pablo Marte gonbidatu genituen. Artista horiek interes komunak dituzte beren jardunean; lanaren irudikapena edo historiaren eraikuntza eta interpretazioa, besteak beste.
Haiekin batera, prozesuaren lehen faseari heldu genion. Hala bada, esku hartzeko esparrua aztertu genuen, artxiboko materialak bilatuz eta fabrikaren iragan zein orainarekin nolabaiteko zerikusia zuten pertsonekin hitz eginez, honako hauekin, besteak beste: Santiago Eraso (Artelekuko zuzendari ohia), Joxean Muñoz (Tabakalerako zuzendari ohia), Odón Elorza (Donostiako alkate ohia), Mertxe Tranche (historialari feminista), Amaya El Busto (eraikina eraberritzeko lanaren jarraipenaz arduratu den arkitektoa), Iñigo Royo (Okupgrafeko kidea) edo Ane Rodríguez (Tabakalerako gaur egungo kultura-zuzendaria). Aldi berean Tabakalerako langile ohi batzuekin harremanetan jarri ginen, eta hainbat bilera informal egin genituen haiekin, era horretan kultur fabrika berriari eta proiektuari buruz zer sentipen, nahi eta itxaropen zituzten jakiteko. Horri dagokionez, nabarmendu beharra dago fabrika 2003an itxi ondoren ere etengabe harremanetan jarraitu duen zigarrogile talde bat dela; aldian behin elkartzen da, bazkaltzeko edo kafea hartzeko.
Lantaldea
Bigarren fasearen barruan lanerako hainbat parametro eta baldintza zehaztu genituen; horien artean, zigarrogile ohien taldearekin zer motatako lankidetza-harremana izango genuen pentsatzea zegoen, adibidez. Bitartekaritza arloko kideon ustez, interesgarria izango zen haiekin etorkizunera begira iraunkorra izango zen harreman bat hastea; ildo horretan, eta gure lana nola egiten dugun kontuan hartuta, oso garrantzitsua zen harremanekin lotuen zegoen proiektuko alderdia zaintzea.
Halaber, funtsezkoa zen hausnartzea proiektua nola bideratu, nostalgian erori gabe edo oroimena monumentu bihurtu gabe. Hala, hiru lerro paralelo, baina aldi berean elkarlotu, zehaztu genituen: oroimenaren gaia, lana eta Tabakaleraren erakunde-konfigurazioa.
Iragan historikoari buruzko hainbat bertsio iristen zitzaizkigun eta horretaz mintzatzeko modu bakarra fikzioa zela pentsatzen genuen. Aztergaiari buruzko (kultur zentro bihurtutako antzinako tabako-fabrika, alegia) material oso zatikatua biltzen zuten esploratzaileak ginen nolabait eta horretatik abiatuta ezinezkoa zen balizko historia objektibo osoa berriz osatzea. Asmoa ere ez zen hori; izan ere, hasieratik Tabakalerak alderdi bakoitzarentzat zuen esanahiari buruzko ikuspegi bakarra ez emateko nahi argia zegoen. Beraz, Marionek eta Pablok zatiketa horren eta «egiazko kontakizun» bakar bati fidel izateko ezintasun horren berri eman ahal izateko ikus-entzunezko bat egitea proposatu zuten.
Aurrerago ideia hori indartu egin zen, proposamena atalka, kontakizuna osatzen zuten kapituluen bidez, aurkezteko erabakia hartu zenean.
Zigarrogileen taldearekin lan egiteko fase horretara beste talde bat ere gehitu zen, aktore talde bat, kasu horretan, eta horrek Tabakalerako oroimen biziaren eta oroimen horren antzezpenaren eta eszenaratzearen arteko lotura egin zuen. Eszena batzuk eta ardatz nagusia zehazteko prozesua talde misto horrekin elkarlanean garatu genuen, funtsezko uneak bilatuz, filmaketaren aurretik antolatu genuen tailer-espazio bat, adibidez. Momentu hori funtsezkoa izan zen gaiak eta ihes-puntuak zehazteko orduan; horrelakoak etengabe agertzen dira Mañana Goodbye proiektuan. Han, artistek proposatutako inputak hartu ziren lanerako oinarritzat; taldeak bere errealitateetatik abiatuta erantzuten zien horiei, batzuetan talde gisa, eta beste batzuetan banaka.
Emaitza Sotoan dago ikusgai eta aretoan kapitulu bakoitza proiektatzen den bitartean, gainerakoak proiekzioaren aurrean dauden bi monitoretan pilatzen dira. Azken muntaketak palinpsesto baten antz handia du, idazketa gurutzatuaren, gainjarriaren antza handia. Bertan, gai batzuk sendotasunez agertzen dira; beste batzuk, berriz, arinago iradokitzen dira. Argumentu-lerro batzuk aurreko ataletan iradokitzen dira eta, aurrerago, berriz agertzen dira, ondorengo ataletan; horrek saila bizirik mantentzen du hilabetetik hilabetera. Eta beti kapitulu bakoitza ixten duen irudira itzultzen gara, emakumeak lantegitik irten eta ezagutzen ez dugun toki baterantz abiatzen diren irudi horretara. Hain zuzen ere, irudi hori hartu zuen inspirazio-iturritzat Miren Jaiok; hari Mañana Goodbye proiektuari interpelatuko zion jarduera paraleloen egitarau bat proposatzeko eskatu genion. Norbaitek prozesutik kanpoko begirada bat eskaintzea zen asmoa, guk une horretan nekez izan genezakeen begirada bat. Erakusketa honetan, kapitulu bakoitza laguntzen duten eta ñabardurak gehitzen dizkioten erakusketari buruzko informazio-orriekin batera, Mirenek diseinatu zuen jarduera-egitaraua ere badago ikusgai.
Elkarrekin lan egiten jarraitzen dugu
Mañana Goodbye proiektuarekin hasitako lan-prozesua Tabakalerako bitartekaritza-arloaren lan-lerroen barruan funtsezkotzat jotzen ditugun hainbat osagairen katalizatzailea izan da. Egia da ez gaudela lankidetza-prozesu baten aurrean, baina gure ustez, bitartekaritzako eta arte-ekoizpeneko lan bat da eta aurrerantzean lanean jarraitzeko oinarri sendo bat. Marion eta Pablorekin batera, guk orain lan egiten dugun tokiko langile ohi batzuekin harreman afektibo bat finkatu dugu, eta harreman hori etorkizuneko gure lana enuntziatzeko funtsezko elementua da. Aldi berean, oso garrantzitsua da Tabakalerak bultzatutako lehen ekoizpen artistikoetako bat dela pentsatzea eta bitartekaritza-arloak jarri duela abian. Gure ustez, horrek desplazamendu interesgarria sortzen du, erakunde-egiturek tradizioz hain legitimatuta ez dauden arloetan jakintza eta praktika artistikoa sortzekomoduez hausnartzeari dagokionez.
Gainera, kasu honetan, proiektuaren emaitza izan den arte-ekoizpena, bere horretan, bitartekaritza-programak sortzeko material oso interesgarria da. Auzi horiek, orain, zigarrogileen beraien nahietatik eta proposamenetatik abiatutako prozesu bat proposatzera garamatzate. Datozen hilabeteetan, harremanari ikuspegi berri batetik jarraipena emateko lanean arituko gara, baina Mañana Goodbye proiektuarekin finkatu den esparrutik desbideratu gabe.
Tabakalerako hezkuntza taldea