exÓrbita programak zinemara gerturatzera gonbidatzen ditu ikusleak, begiradarekin ez ezik baita gorputzarekin ere.
Programa honek mugarik eza, trantsiziotasuna eta fluidotasuna arakatzen ditu identitate garaikideetan, eta aztertzen du, halaber, nola sortzen diren identitateak gorputzak espazioetatik igarotzean. Aldi berean, igarotze horrek erritualtasunaren, dantzaren, mugitzen ari den gorputzaren eta espazio zinematografikoaren beraren bidez har ditzakeen formei buruzko galderak egiten ditu. Horretarako, programazioa hiru formaren artean mugitzen da: zinemako pantaila, ikus-entzunezko instalazioa eta zuzeneko dantza.
Tabakalerako zinema-aretoan, alderdi horiei guztiei buruzko begirada bereziak eskaintzen dituzten filmez osatutako ziklo bat izango dugu. Goodbye, Dragon Inn (Tsai Ming-liang, 2003) filmak emango dio hasiera zikloari. Filmak programaren izpiritua gorpuzten du, ikusleak pantailatik harago mugitzera gonbidatzen baititu. Fiestas (1988) filma emango den saioan, Mary Jiménez izango dugu, zuzendaria, eta bere ikuspegiaren eta bere lanaren berri emango digu. Itxiera-saioan, Jeremy Shawren Liminals (2017) film laburraren eta Whitney Contiren performance bisual baten arteko elkarrizketaren lekuko izango gara. Evangelia Kraniotiren Obscuro Barroco (2017) eta Jorge Jácomeren Supernatural (2022) lanak ere ikusgai izango dira.
Los Ingrávidos mexikar kolektiboaren Tierra en trance instalazioa 2. nabean izango da ziklo guztian zehar. Tierra en trance ikus-entzunezko triptiko bat da: Mexikoko irudiak hartu eta xamanismo zinematografikoko prozesu baten bidez antzaldatzen ditu. Ikuskizunaren hiru pantailek, trantze-egoeran daudelarik, irudietan harrapatuta dagoen memoria hartu eta erritual hipnotiko, intimo eta politiko batean eraldatzen dute, antzinako eta gaur egungo garaien artekoa.
Zinema-aretoko kutxa beltza Z Aretoan hautsiko dugu, dantza pantailan bertan eta zuzenean biziko dugun saio batean. Hasteko, dantzari eta jaiari lotutako identitate digitalen konfigurazioari buruzko film labur batzuk emango dira. Gero, tokiko qbonitocolectivo dantza-konpainiak obra bat interpretatuko du, ideia hori pantailatik espazio fisikora eramango duena.
exÓrbita programak zinemara gerturatzera gonbidatzen ditu ikusleak, begiradarekin ez ezik baita gorputzarekin ere. Programak atalase bat proposatzen du, begiratzeko ikuspegi bat, eta, gainera, igarotzeko ikuspegi bat. Espazioak eta gorputzak beste modu batean bizitzeko aukera. Geure orbita sortzeko aukera.