Imagen
Imagen
Descripcion

Argazkia: Ixone Sádaba

Eskultura-praktikak zeharkatzen du Gema Intxaustiren obra. Hasierako obrak, garbiketako zapiz eginak, eta zelozko piezak, euskal testuinguruan laurogeita hamarreko urteetako eskulturaren lengoaien berrikuntza markatu zuten proposamenen artean koka daitezke. Geroago, Gemaren obrak ukitu narraziozkoagoa hartu zuen, zine, musika edo literaturako erreferentziei oso leku garrantzitsua eman baitzien. Duela gutxi marrazkia eta argazkia baliatu ditu zenbait proiektu egiteko, horien aipua eginez eta horiez jabetuz; eta proiektu horietan, horrenbestez, arte kontzeptualak abian jarritakoekiko hurbileko estrategiak identifika daitezke.

Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966) Gernikan bizi eta bertan lan egiten du. Intxaustik Leioako Arte Ederren Fakultatean (EHU) ikasi zuen, eta gero Ingalaterrara jo zuen, University College for the Creative Arts-en zine ikasketak egiteko. 1989 eta laurogeita hamarreko urteen erdialdea bitartean parte hartu zuen Arteleku zentroak antolatutako lantegi batzuetan, besteak beste Ángel Bados, Pepe Espaliú eta María Luisa Fernándezek emanetan. Intxaustiren lanak aintzatespena jaso du zenbait lehiaketatan, eta sariak ere bildu ditu, esaterako Gure Artea Saria 1991n, edota Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Plastikoen Sorkuntzarako Beka 1994an. Erakusketa kolektibo batzuetan parte hartu du, horien artean direla Suturak, San Telmo Museoa, Donostia (2014); Gaur, Hemen, Orain, Arte Ederren Museoa, Bilbo (2001); Gema Intxausti / Azucena Vieites, DV Galeria, Donostia (1997), eta Intxausti, Muniategiandikoetxea, Peral, Arteleku, Donostia (1994). Eta duela gutxi banakako erakusketak egin ditu, hala nola Wilder is the Black, La Taller, Bilbo (2014) eta Meanwhile… rapture, Rekalde Aretoa, Bilbo (2014).
Cargo - Nota descriptiva
Artista
Tipo
Artistas y Creadores