Nola sentitzen dira Tabakalerara sarri datozen gazteak? Zer harreman dute eraikin barruko espazioarekin? Nola erabiltzen dute? Nola bizi dute?
«Tabakalera zurea ere bada; ikasi maitatzen, eta defenda ezazu!» lemapean, Harrotu Ileak! proiektuak hausnarketa bat proposatzen du bi zentzutan: alde batetik, erabiltzen duten inguruari buruzko gogoeta sustatzen du gazteen artean, inguru propio gisa uler dezaten eta eskubide eta betebeharrei dagokienez esku har dezaten; eta, bestetik, erakundeen hausnarketa sustatzen du, bertako espazio publikoen erabilera eta okupazioa definitzeko.
Oihane Espúñez eta Felipe Polanía artista egoiliarrek, Tabakalerako bitartekaritza-taldearekin batera, eraikinera sarri etortzen diren gazteekin elkarrizketa izateko abian jarri duten prozesu baten parte da erakusketa hau. Gazteok gehien erabiltzen duten gunea bosgarren solairua da (Prisma).
Lehen urrats gisa, 2017ko otsailean, Prisman erakusketa bat antolatu zuten gazteen identitatea lantzen duten hainbat artistaren argazki sorta batekin, gazte-mugimenduen inguruko hainbat irudirekin eta zenbait bideoklipen erreprodukzio-zerrenda batekin. Argazki-sorta hori erakusketa honetan bertan ikus daiteke, bigarren solairuko eremuan.
Lehen esku-hartze horietan oinarrituz, gazteekin harreman zuzena izatea proposatu du lan-taldeak, eta Tabakaleran beren burua azaltzeko eta tailer zehatzetan parte hartzeko gonbita egin die. Horrela, bada, elkarrizketaren bigarren uneari bide eman zaio, eta hainbat proposamen sortu dira bertatik: bideoen inguruko tailerra, Streetdance Open Training arratsaldea, rap proiektua eta erakusketa honetan biltzen diren 60 argazki inguru.
Oihane Espúñez eta Felipe Polania artista egoiliarrek Tabakalera eraikinera sarri bertaratzen diren gazteekin elkarrizketa bat hasi dute euren kezkak ezagutzeko