Tabakalerak eta Lauaizeta Ikastolak 2016-17 ikasturtean zehar elkarlanean garatutako proiektua, hilHERRIbizi, publikoari aurkeztuko zaio ekainak 21, asteazkena, 19:00etan Polloe hilerrian.
Proiektuaren helburua hilerria espazio publiko bezala normalizatzea, eta heriotza edo dolua bezalako gaien inguruan lan egitea izan da, ikuspegi artistiko batetik.
hilHERRIbizi Tabakalerako Eskola Aldiriak 2016/17 deialdian aukeratutako proiektua da. Deialdi honen helburua eskolako, auzoko edo hiriko espazioetan arte eta hezkuntza proiektu kolaboratibo bat garatzea izan da. Hori horrela, Lauaizeta Ikastolak aurkeztutako hilHERRIbizi proiektuak Polloe hilherriaren inguruan lan egitea proposatu du, eskolatik gertu dagoen eremua eta eskola eta hiria elkartzen dituena.
Proiektua DBH 2. eta DBH 4. mailako ikasle eta irakasleen parte hartzearekin garatu da honako hiru gairen inguruan arreta jarriz: dolua, memoria eta espazio fisikoa. Gai hauei helduz, ikasturtean zehar, irakasleek loturak egin dituzte ikasgaietako edukiekin. Aldi berean, ikasleek ikerketa bat burutu dute ondorengo galderei erantzunez:
Nola imajinatzen duzu etorkizuneko hilerria?
Zer harreman izango luke auzoarekin?
Zerk egingo luke erakargarri?
Nola erantzungo lioke jendearen aniztasunari?
Artistekin lanean
Galdera horiei erantzuteko asmoz praktika artistikoetatik bideratu da ikerketa eta lau artistak parte hartu dute Tabakalerako hezitzaileekin elkarlanean: Nerea de Diego, Mario Paniego, Aitor Izagirre eta Miriam Isasi. Guztion artean, egungo hilerriaren ezaugarri, funtzio eta iruditegitik abiatuta, sinbologia, soinuak, gorputzaren eta lengoaiaren performatibitatea edota espazioa bera landu dira.
Lanketa horien emaitzetako batzuk hilerrian bertan dira ikusgai, hala nola: Marmolezko pilota, Espiral-lorategia eta Polloeko Flysch-a, eta beste hainbat emaitza eskolako eta Tabakalerako web orrian daude kontsultagarri: Agurra performancea, Polloe, pasabide, pasadizo auzokideei egindako elkarrizketak, Hilerriko gure soinuak soinu mapa, Izenak, urteak… fran man ko je ton soinu-performancea eta Heriotzaren ondoren zer? bideolana.
Aurkezpena festa giroan egingo da eta horretarako prozesua aurkezteaz gain, zenbait ekintza antolatu dira:
-19:00 etan Lauaizeta ikastolatik Polloe hilerrira martxa txarangarekin.
-Proiektuaren aurkezpena: Mertxe Petxarroman, Tabakalerako hezitzailea eta Uxoa Larrañaga, Lauaizeta ikastolako irakaslea.
-Ikasleek Aitor Eizagirre artistarekin ikasturtean zehar grabatutako soinu piezaren entzunaldia.
-Ikasleekin sortutako performancearen erakustaldia.
-Epitafioen irakurketa
-Pilotaren eta hitzen dinamika.
Eta amaitzeko, parkour ikuskizuna, Dj-a, lunch-a, e.a. izango dira gerturatzen diren bizilagun eta hiritarrentzat.
Tabakalerak eta Lauaizeta Ikastolak 2016-17 ikasturtean zehar elkarlanean garatutako 'hilHERRIbizi' proiektuaren aurkezpen publikoa.