Eguzkiaren epeltasuna, hego-haizea, kalean egoteko gogoa… Ia konturatu gabe, hemen daukagu uda!
Eta udarekin batera, heldu da berriz ere Medialab magnoliatan gozatzeko garaia!
Aurreko urtean bezala aurtengoan ere, gure ohiko espazioa betiko moduan erabiltzeko aukera ez ezik, Tabakalera pareko magnolietan muntatu dugun “sukurtsalean” edonolako jarduerak egitekoa ere izango duzu. Zuhaitz handiaren itzalpean gure bildumako liburu, komiki edota aldizkariak irakurri, jolasak probatu, solastu, egon…bakarka edo taldean giro atseginaz, espazioaz eta gure baliabideetaz disfrutatu… eta uda honetan, antolatu ditugun txoko ezberdinetan sortu, ikasi, esperimentatu eta ederki pasa. Izan ere, bi hilabetez irekia izango dugun aire zabaleko espazio honetan egunero-egunero, asteartetik ostiralera, edozein adin eta ezagutza mailako jendearentzat prestaturiko txoko dinamizatuak izango ditugu, astegun bakoitzean gai edo jakintza-esparru bati begira pentsatuak: margoak, collagea, argia eta soinua, espazioak, maskarak, txontxongiloak… denetarik!
Etor zaitez bada gurekin udako giroaz, Medialabez eta gure magnolien gerizpeaz gozatzera!
Ekainak 28-abuztuak 26
Asteartetik ostiralera, 10:30-19:30
Larunbatetan, 10:30-13:30
Jarduerak
Astearteetan: eraiki eta mugitu
Txoko honetan egingo ditugun ariketek hiria, arkitektura, espazioen antolaketa, garraioak eta landa-eremuak izango dituzte abiapuntu.
Material ezberdinekin egindako maketen bidez hiri bat sortzen joango gara, kometak, itsasontziak edo globoak eraikiko ditugu eta artea eta natura nola lotu daitezkeen esploratuko dugu, besteak beste.
Asteazkenetan: margotu, pegatu, estanpatu
Asteazkenetako txoko honetan arte-sorkuntza eta haren teknika anitzak izango ditugu ardatz, guztiak landu edota nahasteko gogo betez.
Marraztu eta margotu egingo dugu, baita moztu eta pegatu collageak sortzeko; zigiluak egin eta estanpatuko ditugu, bide eta euskarri ezberdinekin arituta. Hamak erabilita diseinuak konposatuko ditugu ere bai.
Ostegunetan: argiak eta soinuak
Udako ostegunetan, argia eta soinua hartuko ditugu gure jardueraren oinarri, haiekin egin daitezkeen trukuak ezagutuz tarte ederrak pasatzeko.
Kaleidoskopioa, zootropoa, taumatropoa eta kolore espektroak sortuko ditugu, mugimenduaren eta biderkaketaren ilusioak zertan diren ikusteko. Musika tresnak ere asmatuko ditugu eta objektu ezberdinekin soinua sortu.
Ostiraletan: gora teloia!
Ostiraletako txokoetan gorputz adierazpenaren bitartez jolasteko, sortzeko eta ikasteko ekintzekin gozatuko dugu.
Aurpegi makilajea, antzerkia, role playing-a, maskarak, mimika, dantza, etabarrak erabiliz; identidadearen gaineko lanketa egin eta besteen aurrean irudimenetik abiatutako itxurak eraikitzeko edo esperimentatzeko abagunea izango dugu.