Orden
0
Equipo
Ciclo - Programa
Año
2022
Idioma
Sinopsis

Cristian Mungiu, Cristi Puiu edo Radu Muntean zinemagileek erdietsitako aitorpenak ez bezala, Radu Juden aurreneko urratsak nazioarteko erakusleihoaren mugaldean izan ziren. 

Zinemagile guztien arteko loturak eta ideiak zirriborratu badaitezke ere, haietako bakoitzaren obrek arritmikoki orbitatzen dute. Juden kasuan osina areagotu egiten da. Izan ere, beste zuzendariek bere filmografian zehar patroi bati eusten dioten bitartean, Berlingo Urrezko Hartza irabazi berri duen hau, nabarmen da, denetan poliedrikoena. Formekin egiten duen esperimentazioak (filmea den banakoari ere egotzi dakiokeena) eta ikerlari profilak, bere obra sintetizatzeko irudi bakarra nekez emango duen puzzlea osatzen dute.

Bere egonezinaren ikur da Tabakalerara etorri izana lau asteko egonaldia burutzeko, Elias Querejeta Zine Eskolaren "Zinegileak egonaldian" ekimenaren baitan. Proiektu honetan bat egiten dute gonbidatutako zuzendarien proiektuei emandako babesak eta eskolako ikasleekin truke praktikoa eta teorikoa egiteko guneak.

Egonaldian zehar Radu Judek urtearen erdialdean errodatuko duen filma zertan den azaldu zien ikasleei, memoria historikoarekin lotutako gaiak lantzen dituenean, zinemagileari bidean sortzen zaizkion dilemei buruzko mintegia antolatu du, eta Thomas Bernhard eta Antón Chéjoven testuen egokitzapenetan oinarritutako pieza laburrak lantzeko hasiera proposatu du.

Aldi berean, Tabakalerako pantaila partekatuan bere aurreneko eta azkenengo lanak ikusi ahal izan dira, Zinemaldia + PLUS eta Kontatutako Zinea zikloen baitan. Tabakaleraren ekimen honetan zinemagile gonbidatuek zinema-aretoan bertan azaltzen dute zer nolakoa den euren sormen prozesua. Hasi zenetik azkena lortu duen arrakastara bitarteko ibilbidea osatu du, herrialdeko historiaren argazki artetsuak erakutsi ditu, iragana eta oraina eta oraina eta iragana lotzen dituzten jolas jostariak, egungo Errumania lotuz kontakizun ofizialak ezkutatu nahiko lukeen iraganeko kontuekin.

Ceaucescuren ondorengo aroari buruzko pseudodrama neorrealista den Cea mai fericită fată din lume (Munduko neskarik zoriontsuena) opera prima aurkeztu aurretik, dena bi aldiz bizitzen ari ote zen sentitzen zuela kontatu zidan, eta horrek aldika kamusada eta unadura sortzen zizkiola. Men egitearen edo errutinaren aurkako jarrera hori izango da, beharbada, bere zinemagintza sigi-sagatsuak ezkutatzen duen hamaika formen muina. Definizio bakarrari bide ematen ez dion hori.

 

Irati Crespo

Novedades
Destacado
No
Formato
Contenido Principal
Imagen
Radu Jude: Vivir dos veces
Imagen Listado
Imagen
Radu Jude: Vivir dos veces
En Home
Si