Ikusmira Berriak 10 urte zikloa Zinemaldia + PLUS-en barruan dagoen egitasmoa da eta Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean antolatzen dute Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez.
Ziklo berriak Ikusmira Berriak zine-egonaldiak hamar urte betetzen dituela ospatu eta egindako ibilbidea behatzea du helburua. Egonaldi-programa Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatu dute bi erakundeek. Programaren barruan garatutako 21 film ikusteko aukera izango da, dagoeneko amaitu eta estreinatu direnak nazioarteko hainbat zinemalditan. Hala nola, Donostia Zinemaldia, Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Margénes, Torino edo Mar del Plata, besteak beste.
Atzera begirako ziklo hau 2025eko urtarriletik abendura bitartean luzatuko da, eta zine-geografia ezberdinak erakutsiko ditu: Txile, Bolivia eta Argentinatik, Austria, Amerikako Estatu Batuak edo Errusiara, Espainia, Belgika, Portugal, Brasil edo Japoniatik pasatuz. Eta mugak garrantziarik ez duten testuinguru batean egingo du: ez iraupenari lotutakoek, ez formatuari edo eta generokoari dagozkionek. Askotan zinearen hizkuntzaren arrisku formalak eta proposamen berritzaileak onartzen dituzten eta, gainera, belaunaldi-kezka jakin batzuk agerian uzten dituzten askotariko filmak integratuz.
Zikloaren erdialdean, eta atzera begirako hau osatzen duten saioetako bat aprobetxatuz, Ikusmira Berriak-en hamargarren urteurrenaren argitalpena aurkeztuko da aretoan. Bertan, egonalditik igaro diren zinegileen testu argitaragabeak, filmen sortze-prozesuko materialak (batzuk oraindik garatzen ari dira), erakunde antolatzaileen hausnarketak eta azken urteotan nazioarteko industriak zine-proposamen berriak bilatzeko giltzarri eta erakargarri gisa finkatu den programa aitzindari bat zeharkatu duten zenbait tutore eta profesional bilduko dira.