Sakelako telefono aurreratuek bizitza aldatu digute, une oro ditugu soinean, baina zer irudituko litzaizuke aplikazioak erabiltzeaz gain, sortu ere egingo bazenitu? App Inventor 2 erabiliz, ingurune erraz eta bisual baten bidez, aurretik programazio ezagutza bereziak eduki gabe ere Android gailuentzako sakelako aplikazio politak sor daitezke.
App Inventor instalatzen eta konfiguratzen ikasiko dugu, adibideak ikusiz. Ondoren, hiru aplikazio mota izango ditugu aukeratzeko, zailtasun maila ezberdinekin: oso erraza, erraza eta ertaina. Horien artean, bat edo bi garatuko ditugu ikastaroan zehar bakoitzaren erritmoen arabera.
Azkenik, tresnak eskaintzen dituen aukerak ezagututa, taldeka aplikazio bat definituko dugu eta garatzen hasiko. Amaieran egindako lana ikusi eta aurkeztuko dugu eta egindako aplikazioak bakoitzak beretzat izango ditu.
Beharrezkoa da ikastaro honetarako Google kontu bat izatea (App Inventorrek eskatzen du) eta ordenagailu bat (eskuragarri egongo dira batzuk aurrez ubik@tabakalera.eu-ra idatziz abisatuz gero). Gomendagarria da oso, Android gailu bat ere eskura izatea baina ez beharrezkoa, izan ere, emulatzaile bat erabiliko baitugu.
Gorka Juliok zuzendutako lantegi honetan mugikorreko aplikazioak sortzen ikasiko dugu modu errazean.