Imagen
Imagen
Descripcion
John Akomfrah 1957an jaio zen. Londresen bizi da eta bertan egiten du lan. Izen handiko artista eta zinemagilea da. Bere obretan gai hauek ikertzen ditu: memoria, postkolonialismoa, iragankortasuna eta estetika. Horrez gain, kasu askotan mundu osoko migrazio-diasporen esperientziak aztertzen ditu. Akomfrahk, beste kide batzuekin batera, itzal handiko Black Audio Film Collective taldea sortu zuen 1982an, Londresen. Zeregin horretan berarekin aritu ziren David Lawson eta Lina Gopaul artistak, eta oraindik ere elkarrekin lan egiten dute. Bere lehen filmean, Handsworth Songs (1986) izenekoan, 1985ean Birminghamen eta Londresen izan ziren iskanbilen inguruko gertakariak izan zituen aztergai. Horretarako, artxiboko irudiak, argazki finkoak eta dokumentalak erabili zituen. Filmak nazioarteko hainbat sari irabazi zituen, eta geruza anitzeko estilo bisual berezi bat ezarri zuen, zeina Akomfrahren lanaren motibo bereizgarri bihurtu den. Beste lan batzuetan hiru pantailatako instalazioak egin izan ditu; adibidez: The Unfinished Conversation (2012), Stuart Hall teorialari kulturalaren bizitzaren eta lanaren erretratu hunkigarria; Peripeteia (2012), Albrecht Dürer-ek XVI. mendean egindako bi argazkitan agertzen diren pertsonen bizitzak azaltzen dituen drama irudikatu bat; eta Mnemosyne (2010), Erresuma Batuan bizi diren migratzaileen esperientzia azaltzen duen lan bat, zeinetan zalantzan jartzen baita Britainia Handia agindutako lurraldea ote den, bertako zailtasun ekonomikoak eta arrazismoa ikusita.
Akomfrahk banakako erakusketak egin ditu hainbat lekutan: Seattleko Arte Museoa, Seattle, WA, Estatu Batuak (2020); Secession, Viena, Austria (2020); BALTIC, Gateshead, Erresuma Batua (2019); ICA Boston, MA, Estatu Batuak (2019); Museu Coleção Berardo, Lisboa, Portugal (2018); New Museum, New York, NY, Estatu Batuak (2018); Bildmuseet, Umeåko Unibertsitatea, Umeå, Suedia (2015, 2018); SFMOMA, San Frantzisko, CA, Estatu Batuak (2018); Thyssen-Bornemisza Museo Nazionala, Madril, Espainia (2018); Barbican, Londres, Erresuma Batua (2017); Whitworth Arte Galeria, Manchester, Erresuma Batua (2017); Turner Contemporary, Margate, Erresuma Batua (2016); Nikolaj Kunsthal, Kopenhage, Danimarka (2016); STUK Kunstcentrum, Lovaina, Belgika (2016); Eli and Edythe Broad Arte Museoa, Michigan, Estatu Batuak (2014); Tate Britain, Londres, Erresuma Batua (2013-14); eta astebeteko zenbait proiekzio MoMA museoan, New York, Estatu Batuak (2011). Horrez gain, nazioarteko hainbat erakusketa kolektibotan hartu du parte: Ghanako Pabiloia, Veneziako 58. Bienala, Venezia, Italia (2019); 'Strange Days: Memories of the Future', New Museum x The Store, Londres, Erresuma Batua (2018); Prospect 4, New Orleans, LA, Estatu Batuak (2017); 'Restless Earth', La Triennale di Milano, Milan, Italia (2017); 'Unfinished Conversations', Museum of Modern Art, New York, NY, Estatu Batuak (2017); 'British Art Show 8’ (2015-17); ‘All the World’s Futures’, Veneziako 56. Bienala, Venezia, Italia (2015); ‘History is Now: 7 Artists Take On Britain’, Hayward Gallery, Londres, Erresuma Batua (2015); ‘Africa Now: Politcal Patterns’, SeMA, Seul, Hego Korea (2014); Xarjako 11. Bienala, Xarja, Arabiar Emirerri Batuak (2013); Liverpooleko Bienala, Erresuma Batua (2012); eta Taipeiko Bienala, Taiwan (2012). Bestetik, nazioarteko zenbait zinema-jaialditan ere hartu du parte, hala nola, Sundance Zinema Jaialdian (Utah, Estatu Batuak), 2013an eta 2011n, eta Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian (Kanada), 2012an. Akomfrahk Artes Mundi saria irabazi zuen 2017an.
Proyectos participa
Cargo - Nota descriptiva
Artista eta zinemagilea
Tipo
Artistas y Creadores