Mikel Laboaren (1934-2008) Lekeitioak lana abiapuntutzat duen erakusketa.
Erakusketa-proiektu honek Mikel Laboa (1934-2008) euskal kantautorearen Lekeitioak obra du oinarri. 80ko hamarkadan hasitako lan-bilduma hori abiapuntutzat hartuta, erakusketak lan-esparru desberdinen arteko bidegurutze bat proposatzen du, komunikazio-inkomunikazio binomiotik abiatuta. “Lekeitioak” herri-kulturaren eta abangoardien arteko mugak ezabatzen dituzten artefaktuak dira, iraupen luzeko kezka formalak eta desbideratzeak iradokitzen dituztelarik: tradizioaren eta tradukzioaren arteko jolasa, soinu- eta musika-erregistro askoren arteko nahasketa (muntaiaren gisako abangoardiako prozeduren bidez), edo hizkuntzaren eta keinuen bihurduren azterketa.
Artistaren izaera sortzailetik edo bere legatua irakurketa-espazio jakin batean kokatzeko interesetik harago, proiektuaren xedea “lekeitioa” lan-tresna bihurtzea da. Erakusketan ikusgai dauden obrek forma aldakor eta eraldatzaile gisa ikusarazten dituzte folklorea eta herri-kultura, hizkuntzaren makinariak munduarekin ezartzen dituen botere-harremanak aztertzen dituzten bitartean. Entzuten eta ikusten dugun hori modulatzeko hizkuntzaren kategoriek duten gaitasunaz ohartarazten gaituzte. Eta hitzek osatzen duten zurrunbilo horretan etengabe biraka dabiltzan ideiak baino ez diren heinean, ezaguna eta ezezagunaren artean, lurraldearen eta psikearen artean, artearen eta naturaren arteko harremanak arakatzen dituzte.
Kontu horiek guztiak sakonago aztertze aldera, Komunikazio-inkomunikazio erakusketak artxibo eta dokumentu historikoak aurkezten dizkigu, baita obra historiko eta garaikideak ere, Tabakalerak sustatutako beste ekoizpen berri batzuekin batera. Lanak zazpi ataletan banatuta aurkezten dira, eta soinu-erregistroa, erregistro bisuala eta testu-erregistroa gainjartzen diren paisaia bat osatzen dute. Eraldaketa historikoen aztarnak erraz antzematen dira ibilbide honetan. Lekeitio eta Gernika. Soinua eta zentzua. Komunikazioa eta inkomunikazioa. Herrikoia eta elitista. Banakakoa eta komuna. Argi dago: hizkuntzaren gerrak amaiezinak dira.
Honako artisten parte-hartzearekin: Lawrence Abu Hamdan, John Akomfrah, Tarek Atoui, Txomin Badiola, Zbyněk Baladrán, Josu Bilbao, Peter Friedl, Dora García, Höller& Parreno, Kimia Kamvari & Nader Koochaki, Louise Lawler, Erlea Maneros Zabala, Jon Mantzisidor, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Olatz Otalora, María Salgado & Fran MM Cabeza de Vaca, Lisa Tan, Amaia Urra eta José Mari Zabala.
Honako artisten obrekin: Artze anaiak, Vicente Ameztoy, Fernand Deligny, Francisco de Goya, Susan Hiller, Roy Hart, Remigio Mendiburu, Pauline Oliveros, José Luis Zumeta...