Subtitulo
Emakumeen Etxea & Japan Foundation-ekin elkarlanean
Texto Destacado

Kinuyo Tanakak bizi osoa eman zion zineari. Zinegintza japoniarraren izan handienetakoa izan zen eta, oraindik ere, bada. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Multimedia
Imagen
Pasada?
Si
Descripción Larga

 

 

Kinuyo Tanaka: izar bat kameraren atzean

 

 

1953. urtea, Shibuya, Tokioko auzorik jendetsuenetakoa. Emakume batek megafono bat du eskuan, eta hirurogei gizonetik gorako talde bat zuzentzen ari da. Kinuyo Tanaka izar famatua da (1909-1977), eta Bigarren Mundu Gerraren ostean Japonian emakume batek zuzendu duen lehen filma egiten ari dira. Zazpi urte besterik ez dira igaro emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu zutenetik eta herrialdea aliatuen okupazioaren menpean eraldatu zenetik; hortaz, eszena horren inpaktua eta garrantzi historikoa ukaezinak dira.

 

 

Tanakak hamalau urterekin egin zuen debuta, eta zinema nazionaleko aktore ospetsuenetako bat bihurtu zen. Zinema japoniarreko maisu handi guztiekin egin zuen lan, eta askotariko pertsonaiak irudikatu zituen, hala nola senarrak traizionatutako emaztea Cuentos de la luna pálida lanean (K. Mizoguchi, 1953). Aldakorra, txikia eta arina zen, eta mundu osoko publikoa txundituta utzi zuen keinu edo zeharkako begirada txiki batean emozio bizi-biziak, barnean erreprimituta zituenak, kondentsatzeko zuen abileziarekin.

 

 

Aktore gisa izan zuen arrakastak eklipsatu egin zuen zuzendari gisa egin zuen ibilbidea, zeina 1953an hasi baitzen. Tanaka izan zen bere filmografia (sei film hamar urtetan) gerraostean egin zuen Japoniako emakumezko lehen zuzendaria, eta bakarra. Aparteko lorpena izan zen, baita mundu-mailan ere. Batzuek zalantzan jartzen zuten emakume batek filmak zuzendu ote zitzakeen; uste zuten zahartutako izar baten kapritxoa baino ez zela. Mizoguchi-k ere, zeinarekin askotan egin baitzuen lan Tanakak aktore gisa, esan zuen ez zeukala zuzendaria izateko bururik. Alabaina, Tanakak talentua eta adorea zituela erakutsi zuen, eta Japoniako industria zinematografiko hierarkiko eta patriarkalaren kristalezko sabaia hautsi zuen.

 

 

Baina izan zuen bere aldekorik ere: Tanakak izen oneko hainbat zuzendariren babesa jaso zuen kameraren atzeko abenturari ekin zionean. Bere estreinako filmean, Carta de Amor izenekoan (1953), gidoia K. Kinoshita-k idatzi zuen, eta Naruse-ekin batera aukeratu zituen aktoreak eta lantaldea. Naruse filmaziora ere bertaratu zen, Tanakari gomendioak emateko. Bestetik, bigarren filma egitean, La luna se levanta izenekoa (1955), Ozu-k eman zion gidoia. Horren truke, Tanakak omenaldia egin zion maisuari, filmean hark berezko zituen ezaugarriak sartuz, hala nola pertsonaien aurrealdeko laukiratze finkoak, altura baxuan (“tatami planoa”). Dena den, bere hirugarren lanetik aurrera, Pechos eternos izenekoa (1955), Tanakak beste emakume batzuengan bilatu zuen babesa: emakumezko gidoilariak, hala nola Sumie Tanaka; emakumezko idazleak, hala nola Yana Masako; emakumezko ekoizleak, hala nola Hisako Nagashima; eta historian zeresana izan duten emakumeak, hala nola Hiro Saga (La princesa errante, 1960). 

 

 

Bere filmetako protagonistek ahalegina egiten dute beren ideien arabera bizitzeko eta tarte bat aurkitzeko gizonen interesei bakarrik arreta jartzen dien gizarte batean. Garaiko generoaren ideiatik zeharo urruntzen ez bada ere, beste zuzendari batzuek (esaterako, Mizoguchik) idealizatutako emakume japoniar ahul eta sakrifikatuaren estereotipoetatik ateratzeko alternatibak eskaintzen ditu Tanakak. Printzipioek, bizirauteko beharrak, maitasunak edo desirak bultzatuta zorigaiztoaren kontra borroka egiten duen emakumeak irudikatzen ditu, baina inoiz ere ez dira biktima indargabeak.

 

 

Tanakak, besteak beste, gai hauek baliatu zituen bere filmetan: emakumeen sexu-desira, amatasuna, indarkeria eta  emakumeen arteko sexua. Oso modu esplizituan landu zuen bularreko minbiziaren gaia Pechos eternos lanean, eta aitzindaria izan zen gaixotasun horrek berekin dakartzan erronka psikologiko eta emozionalei aurre egiten. La noche de las mujeres filmean (1961), berriz, sexu-lanaren gaia jorratu zuen, oso momentu berezian gainera; izan ere, Japoniak 1956an prostituzioa legez kanpo utzi zuen, eta ez zitzaion jaramon gehiago egin arazo horri, argi eta garbi konpondu gabe utzi bazen ere.

 

 

Denbora luzez, Tanakaren filmak zokoratuta egon ziren Japoniako artxiboetako txoko batean. Azken urteotan, hainbat ekimenen bidez merezi duten aitorpena eman nahi izan zaie; horren adibide dira, besteak beste, Espainiako Filmotekaren 2016ko ekimena eta 2021eko Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdia. Dena den, oraindik ere oso zaila da Tanakaren filmak eskuratzea; hortaz, plazerra eta luxua da Tabakaleran hiru film horiek ikusteko aukera izatea, azpitituluekin eta 35 milimetroko formatuan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Irene González-López

 

 

 

 

 

Programa:

 

 

 

 

 

 Urriak 19, astelehena, 19:00

 

 

The Eternal Breasts (Chibusa yo eien nare), Kinuyo Tanaka, Japonia, 1955, 110'

 

 

 

 

 

Urriak 20, asteartea, 19:00

 

 

The Wandering Princess, Kinuyo Tanaka, Japonia, 1960, 102'

 

 

 

 

 

Urriak 21, asteazkena

 

 

19:00, Irene González López. Kinuyo Tanakari buruzko hitzaldia.

 

 

20:00, Girls of Dark (Onna bakari no yoru), Kinuyo Tanaka, Japonia, 1961, 95'

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Imagen Listado
Imagen
Año
2020
Tipo Agrupación
Zikloa