‘Fajr’-ek esanahi bikoitza dauka arabiarrez: egunsentia izendatzen du eta baita 'adhan'-a ere —errezora deitzeko kantua—, mezkitetatik egunsentiaren aurretik entzuten dena. Kantu hauek egunean 5 aldiz entzuten dira herri musulmanetan. Kasbah-en, palmeren, dunen gainetik hegan egiten duten ahots horiek oroitzen digute eguneroko bizitzaz gain, bizitza espirituala ere existitzen dela.
Kantuaren hitzak iristen direnean, bizitzako ohiko erritmoak beste dentsitate bat hartzen du, denbora beste era batean esperimentatzeko moduan barneratzen gara. Dudarik gabe, introspektiboagoa, barruko denbora bat, eta horregatik, irekiagoa eta sakonagoa. Kantuak era honetan eten bat, egunerokoan parentesi bat, dakar eta behin amaitzen denean, ohiko erritmoa itzultzen da.
Basamortuak, gogo-jardunaldirako espazio mitikoak, bere formen hutsa eta denboraren etenaren bidez, ermitau eta profeta ugari gonbidatu ditu bakardadera. “40 egunez joan behar da basamortura eta argaldu” zioen Nietzschek. Basamortuak eraldatu egiten du, haren handitasunari erantzun gisa norbera bere buruan biltzen da. Inguratzen zaituen espazio irekian inolako estimulu bisual konkretu bati lotu ezinik —Borgesek basamortuaren horizontaltasunak zorabiatu egin zuela azaldu zuen— zure buruarengan murgiltzera zaramatza. Kontzentrazio meditatibo honek eremita estasi espiritual batera eraman dezake azkenik, despertsonalizazio batera: zugandik atera Guztian desegiteko.
Lois Patiño zinemagilearen 'Fajr' filmearen proiekzio jarraia. ‘Fajr’-ek esanahi bikoitza dauka arabiarrez: egunsentia izendatzen du eta baita 'adhan'-a ere —errezora deitzeko kantua—, mezkitetatik egunsentiaren aurretik entzuten dena.