19:00 Aurkezpena: Santos Zunzunegui
20:00 Proiekzioa:
The Night of the Hunter (La noche del cazador), Charles Laughton, AEB, 1955, 93' 35mm, JB EN, Azp ES
Sarrera
Honako abestu hau entzun daiteke kreditu-tituluak ikusten ditugun bitartean: “Sueña, pequeño, sueña / sueña, mi pequeño, sueña. / El cazador en la noche llena tu corazón infantil de miedo. / El temor es solo un sueño/así que sueña, pequeño.”
Izarrez betetako gau batean, emakume bat (geroago jakingo dugu Rachel Cooper –Lilian Gish- dela eta Amerika sakonean abandonatutako umeak hartu eta hezi egiten dituela Depresio Handiaren garaian) haur-multzo bati eta guri, ikusleoi, zuzentzen zaigu:
“Haurrak, gogoratzen al duzue aurreko igandean mendira igo eta jendeari hitz egin zion Jaun onari buruz esan nizuena? Gogoratzen duzue nola hark esan zien “zorionekoak bihotz garbikoak, haiek ikusiko baitute Jainkoa” eta Salomon Erregea bere distira betean ez zela mendiko liliak bezain ederra? Eta badakit ez duzuela ahaztu, “Ez epaitu eta ez zara epaitua izango”, nik neuk azaldu nizuelako. Eta nola Jaun Onak esan zien “Zain ezazue zeuen burua [Ohio ibaiaren airetiko bistak eta ertzean dagoen herritxo bat ikusten dira] ardi-larruz jantzita etorriko zaizkizun baina otso beltzak diren profeta faltsuengandik. Beren ekintzengatik ezagutuko dituzue. [kamera apurka-apurka hurbiltzen zaie emakumearen gorpua aurkitzen duten etxe ondoan jolasean dabiltzan haur-multzo bati] Zuhaitz on batek ezin du fruitu txarrik eman. Ezta zuhaitz txarrik fruitu onik ere ez [goitik Harry Powell predikatzailearen autoa ikus dezakegu. Hark Gorenari hitz egiten dio], eta, beraz, beren fruituengatik ezagutuko dituzue.”
Urkatua
Banku batean lapurreta egin eta gero, poliziarengandik ihesian dabilen Ben Harper (Peter Graves) bere etxeko atarira iritsi eta atzemandako 10.000 dolar eman dizkie John (Billy Chapin) semeari eta Pearl (Sally Jane Bruce) alabari. Ezkutatzeko eskatu die, eta ez esateko inoiz inori non dagoen (neskatilaren panpinaren barruan), ezta Willa amari ere ez (Shelley Winters). Atxilotua izan eta gero, presondegira eramango dute, eta heriotza-zigorrera kondenatua izan eta gero, bere delituengatik urkatua izateko zain dagoen bitartean, Harry Powell (Robert Mitchum) predikatzaile faltsuarekin partekatuko du ziega. Ametsek traizionatu egingo dute eta, horrela, Powell gai izango da behin bere kondena laburra beteta ezkutatutako altxorra eskuratzeko plan bat egiteko (justiziak oraindik ez daki alargunen serieko hiltzaile arriskutsua denik).
Ehiztaria
Behin Harper hilda dagoela, Powell presondegitik atera eta haren herrira joango da. Komunitatea liluratuko du bere predikatzaile-gaitasunen bitartez, zehazki, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka eszenifikatuz: esku bietako falangeetan tatuatuta dauzkan hitzak baliatuko ditu horretarako (LOVE-MAITASUNA eskuineko eskuan; HATE-GORROTOA ezkerrekoan). Gainera, Willa alarguna ere seduzituko du, bere lerdentasuna eta sexu-karisma konplexua dela bide. Bere xede bakarra da lapurtutako diruaren sekretua gordetzen duten umeengana hurbiltzea. Willarekin ezkondu eta gero, bere azpikeria guztiak jarriko ditu martxan ama erditik kendu (haren gorpuak ibai hondoan bukatuko du) eta haurren konfiantza irabazteko. Johnek sekretuari eutsiko dion arren, Pearlek, ahulagoa denak, dirua non dagoen esango dio azkenean.
Ibaia
Hala eta guztiz ere, haurrak gai izango dira basapizti basati bihurtutako predikatzailearen azpijokoetatik ihes egiteko, eta bidaia oniriko bati ekingo diote Ohio ibaian zehar, “ibai zabal eta ilunaren korronteari jarraikiz”, izarrez betetako zeruaren azpian. Beren bidaian lagunduko dituzte animalien kantuek (igelen korrokak, hondoan dagoen arrain baten bat-bateko mugimendua, armiarma-sare baten bibrazioa) kulunkatzen dituztela, Pearlek, oroiminez, ama gogorarazten du kantu bat abesten duen bitartean (“Bazen behin…”).
Paraleloan, profeta faltsuak haurrak bilatzeari ekingo dio, nekaezin, beren ihesaldian haiekin egongo den itzal maltzur bihurtuta.
Txori askorentzako adarrak dituen zuhaitz sendoa
Amerika sakona gogor astindu duen krisialdi ekonomikoak suntsitutako ibai ertzetatik bidaia luzea egin eta gero, Rachel Cooperrek (Lilian Gish) hartuko ditu haurrak. Haur babesgabeen maitagarri-lanak egiten dituen andre zahar bat da, ostatua, janaria eta hezkuntza ematen diena. Powell bertan aurkezten denean John eta Pearlen gaineko guraso-ahal eskubideak erreklamatzeko, emakumeak uko egingo dio umeak emateari, eta fusila eskuan, babestu egingo du bere etxea predikatzaile maltzurraren azpijokoetatik. Dirua lortzeko saiakerek porrot eginda, Powell atxilotu egingo dute. Johnek aho bete hortz biziko du egoera, bere aita atxilotu zutenean bezalaxe, oso esperientzia traumatikoa izango baita. Predikatzailea epaitu eta heriotzara kondenatuko dute, eta, lehen miretsi egiten zutenak, orain lintxatu egin nahi dutenen taldeko buruak dira.
Epilogoa: Haurrek dena jasaten dute
“Eta Gabonak iritsi ziren, eta zuriz estali zituen denbora batez oroitzapen beltzak”. Gabonetako oparien garaia da. Rachel esfortzu handiz ari da jakiak prestatzen, eta haurrek beren opari apalak emango dizkiote. Johnek frutarako plater batean dagoen sagar bat hartu eta kakorratzez egindako zamau-babes batean bilduko du, andreari emateko. Hark emozioz esango dio: “Norbaitek jaso dezakeen oparirik onena da”.
Gabon-gauko afaria prestatzen duen bitartean, ikusleoi hitz egingo digu, kamera bere aurpegira gerturatzen zaiolarik: “¡Jaunak gorde ditzala haurrak! (…) Haizeak gogor joka ari da, eta euria hotza da. (…) Haiek dena jasaten dute”. Johnek ondoko gelan zabalduko du bere oparia: erloju bat. “Atsegina da”, esango dio Racheli, “egungo zein ordutan nagoen esango didan norbait edukitzea etxe honetan”.
Rachelek sukaldean lanean jarraituko du. Bere begirada barrenean galtzen zaiola dirudiela, azken hitzak esango ditu: “Haiek dena jasaten dute eta edozein oztopo gainditzen dute.”
Rachel Cooperren etxearen kanpoaldean elurra ari du.
Santos Zunzunegui
Izarrez betetako gau batean, emakume bat (geroago jakingo dugu Rachel Cooper –Lilian Gish- dela eta Amerika sakonean abandonatutako umeak hartu eta hezi egiten dituela Depresio Handiaren garaian) haur-multzo bati eta guri, ikusleoi, zuzentzen zaigu.