Ekimen hau Noka Mentoring egitasmoaren osagarria da, eta parte-hartzaileei laguntza eskainiko die gidoia amaitzeko, diru-laguntzak bilatzeko eta filmaketaren aurreprodukzioa planifikatzeko.
Noka Mentoring programa film bat egiteko prozesu hasieran laguntza emateko programa da, eta ekimen horren arrakastaren harira sortu da Noka Ekoizpena. Azken horrek film proiektuen amaierako fasea babestuko du eta bi lan-ildo izango ditu: gidoia bukatzea eta ekoizpena.
Zineuskadik bultzatu eta koordinatzen du ekimen berri hau Tabakaleraren laguntzarekin, egun Noka Mentoring programa garatzeaz arduratzen den erakundea baita. Egitasmo berriak helburutzat du Euskadi, Nafarroa edo Iparraldeko emakumezko zuzendari berrien film luzeen azken fasean tutoretza eta laguntza eskaintzea. Hautagaiek aurreprodukzioaren hasierako urratsetan egon beharko dute Estatu mailako ekoizle hasiberri baten eskutik. Emakumezko ekoizle horiei prestakuntza emateko xedea ere badu programak, eta zuzendari lankidearen gidoiaren gainean lan egiteko aukera izango dute bertan.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.
Lau tutore arduratuko dira hautatutako bi proiektuen jarraipena egiteaz: Estibaliz Urresola Solaguren eta Rocio Mesa, gidoiaren eta zuzendaritzaren atalean, eta Marisa F. Armenteros eta Alba Sotorra, ekoizpenaren arloan. Modulu bakoitza emango duten profesionalak ad hoc aukeratuko dira, hautatutako proiektuen arabera.
Noka Ekoizpena Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Estatu mailako enpresa ekoizle baten barruan lanean ari diren edo euren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.
Ekimen honekin, Zineuskadik jarraipena eman nahi dio Noka Mentoring programari, lehen Noka honetan sortutako proiektuen ekoizpen eraginkorra bultzatuz, baita laborategi, inkubagailu edo erakunde desberdinetatik etor daitezkeen beste proiektu batzuei lagunduz ere. Era berean, proiektu horiek pantaila handira eraman ditzaketen emakumezko ekoizle berriak prestatzearen alde ere apustu egiten du Nokak.
Proiektuak jasotzeko deialdia martxoaren 1etik 26ra egongo da zabalik, eta 2024ko apirilaren 10ean jakinaraziko dira programan parte hartzeko aukeratutako bi proiektuak. Lehenengo modulua apirilaren 12an egingo da, Bilbon. Beraz, hautagaiek egun horretako saiora bertaratzeko prest egon beharko dute.
Hauek izango dira hautaketa-batzordeko kideak: Rocio Mesa zuzendaria, Alba Sotorra ekoizlea, Mercedes Selgas Cost Controller-a; Sara Hernandez, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiaren koordinatzailea; eta Mar Izquierdo, Zineuskadiko koordinatzailea.
Noka Ekoizpena deialdiak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen die zuzendariei.