Imagen
Imagen
Descripcion

Edozertara moldatzeko gai den musikari ipurterrea, dotorea eta pragmatikoa, begi bat konposizioan duena eta bestea inprobisazioan, hori da Joseba Irazoki. Askotariko proiektuetan, abenturetan eta egitasmotan utzi du bere arrastoa, eta horien guztien ondorioz bere alderik barnekoena eta pertsonalena azaleratu da, hobe esanda, askatu da bere izenez argitaratzeko ausardia izan duen lanetan. Lan horietan, Irazokik parez pare ireki ditu bere unibertsoko leihoak, orain arte itxita egon direnak, eta zintzo zein zuzen ageri da, aratz eta landu, euskarazko folklorearen tradizioan eta pop eta folk anglosaxoian inspiratua eta sei harien bidezko esperimentazioari emana. Baina, era berean, bereizgarri bat, nortasun berezi bat bilatu du, eta, horretarako, musikari nafarra bere dohainez baliatu da. Hala, gitarra irudimentsuak, naturaltasun handiko bukleak eraikitzeko gaitasuna –horiek gure artean airean beti egon direla irudituko zaigu–, ahots zintzo, ziur eta hunkigarria eta sekulako melodiak baztertzeko ahalmena –euskal lirika desitxuratuta eta euskal lirikaren harrizko sonoritatean pentsaezina zen gozotasuna birsortuta– direla medio, Joseba Irazokik proiektu ausart eta buruduna, berehalakoa eta, halaber, ñabardura miresgarriz betea aurrera atera du.

Joseba Irazokik, bere izenez argitaratu dituen lanez gain, hainbat proiektu ditu; horietatik nabarmenena da Do, agian orain arte garatuena delako eta, zalantzarik gabe, Tokian Tokiko edo Pertsona lanak barne hartzen dituelako, baita collage aldakorrak sortzen dituen alkimia akustiko-elektriko harrigarriarengatik ere. Nazioartean oihartzuna izan du lan horrek, eta bere lanaren alderdi esperimentalenaren barnean dago; gitarra-paisaiak, neurri batean, inprobisazioan oinarritzen direnak. Gainera, Joseba Atom Rhumba talde entzutetsuko kide da eta hainbat artistekin egon da biran; esaterako, Terry Lee Hale, Barrence Whitefield, Damo Suzuki, Mikel Erentxun, Xabier Montoia, Beñat Axiary, Petti, etab.

Besteak beste, zigilu diskografiko hauetan argitaratu du: Lucky kitchen, Moonpalace records, Creative sources, Glasvocht records, Important records, Con-v, Hirusta records,...
Eventos participa
Cargo - Nota descriptiva
Musikaria
Tipo
Artistas y Creadores