Imagen
Imagen
Descripcion


Madrassa nagusiki Afrikako eta Ekialde Ertaineko zortzi kidek osatutako elkarte kuratoriala da. Komisarioak hainbat diziplinatatik datoz (artearen historia, komisariotza ikasketak, ekonomia politikoa, arkitektura eta zinema) eta askotariko praktikak uztartzen dituzte (ikerketa, kulturaren kudeaketa eta komisariotzaren kudeaketa).

Madrassa Collective taldeak erakusketak antolatzea jarduera ikertzaile eta kritikotzat jotzen du. Elkartearen helburua da praktika kolektiboak eta mugaz gaindiko lankidetzak esperimentatu eta ikertzea, haien jatorrizko eskualdeetan sorkuntza artistikoak dakartzan zailtasunei aurre egiteko bide gisa.

Bere proiektuen bidez, taldeak hainbat metodologia kuratorial aztertzen ditu (erakusketa kolektiboak, proiektu performatibo eta parte-hartzaileak, argitalpenak, ikerketak eta “mapping" ariketak), askotariko gaiak eta geografiak arakatuz, helburu hauekin:   


arte moderno eta garaikideari buruz pentsatu eta idazten dena baldintzatzen duten narratiba menperatzaileak zalantzan jartzea, argi eginez eta istorio alternatibo edo ikusezinak, oroitzapen kolektiboak, ondareak eta sistema epistemiko “periferikoak” berraktibatuz;
kultur identitatea berenganatzeari, eraldatzeari, itzultzeari eta horri buruzko prestakuntzari lotutako negoziazio prozesuak aztertzea;
Afrikako eta Ekialde Ertaineko konpromiso soziala duten komisariotza praktikak eta artea aztertzea, bai eta proiektu artistiko kolektiboak eta independenteak sortzeko eta horiek eragina izateko baldintzak ere;
erakunde eraikuntzari eta horri lotutako arauzko osaketei buruzko hausnarketa kritikoa abiaraztea, hori bera ispilu aurrean jarrita, eskari kuratorial erakundetu, alternatibo eta bere kabuz zuzendutako gisa.


Hauek dira Madrassako kideak: Nadine Atallah, Nouha Ben Yebdri, Victoria Dabdoub, Francesca Masoero, Aude Christel Mgba, Rim Mejdi, Léa Morin eta Marc Mouarkech.

KIDEAK

Nadine Atallah - Egipto/Frantzia
Arte historialaria da. Bere ikerketaren ardatza Egiptoko emakumezko artistek naserismoan zehar eginiko erakusketak dira. Europako eta Libanoko hainbat erakunde eta arte galeriarekin lan egin du.

Nouha Ben Yedri - Maroko
Tangerreko Mahal Art Space arte espazioaren fundatzaile eta zuzendaria da. Kultura sortzaile gisa, aktiboki lan egin izan du hainbat erakunderekin; hauekin, adibidez: Trankat Art Residency (Tetuan) eta Centro de Arte Dos de Mayo, CA2M (Madril).

Victoria Dabdoub - Palestina/Jordania
Arkitektoa eta kultura sortzailea da. Jerikoko (Palestina) el-Atlal egoitzaren kide fundatzailea da, eta Spring Sessions programarentzako (Amman) egiten du lan.

Francesca Masoero - Maroko/Belgika/Italia
Ekonomia politikoko teorilaria, proiektuen kudeatzailea eta komisarioa da. Bruselan eta Afrikako Iparraldeko eskualdean hainbat proiektutan lan egiten du. Le 18 taldeko kide da (Marrakexen kokatutako arte-espazioa).

Rim Mejdi - Maroko
Zinemagilea eta komisarioa da. Narratiba zinematografikoaren eta arte garaikidearen arteko formatu narratibo hibridoen azterketan interes berezia du.

Aude Christel Mgba - Kamerun
Arte historialaria da. Bere proiektua (Rencontre) Kamerungo artista profesional, ikertzaile eta ikasleen arteko truke plataforma da.

Léa Morin - Maroko/Frantzia
Atelier de l’Observatoire - Art et recherche (Casablanca, Maroko) arte espazioaren fundatzaileetako bat eta zuzendaria, eta ikerlari independentea. Tangerreko Cinémathèque-aren zuzendari ohia.

Marc Mouarkech - Libano
Arab Image Foundation-en (Beirut) zuzendaria. Beiruteko Galerie Tanit galeriaren zuzendari ohia.

Cargo - Nota descriptiva
Elkarte kuratoriala
Tipo
Artistas y Creadores