Tabakalerak, arte-sorkuntzarako gunea den aldetik, lan espazioen-programa bat jarri du martxan arte garaikidearen esparruan lanean ari diren eta EAEn bizi diren artista eta kultur eragileei zuzendua. Programa honen helburu nagusia arte-proiektuak garatu ahal izateko lanerako espazioak eta baldintzak eskaintzea eta sorkuntza prozesuan laguntza tekniko eta kontzeptuala ematea da. Lan erronka honen barne, Antonio Macarrok, egun Tabakaleran egoiliar den artistak, bertan garatzen ari den The Lost World, proiektuaren aurkezpena egingo du.
The Lost World - Bibliothèque Exotique Vol. 1-10 [Panorama Of The Exotic World]
Proiektu honetan erregistro- eta dokumentazio prozesu batzuk gertatzen ari diren zenbait lokalizazioetan zeharreko ibilbide bat erakusten zaigu, gure garaiko historia egituratzen eta taxutzen duten ekintzen bidez.
Nolakoak dira gure historiaren kontakizuna osatzen duten gertakariak sailkatu, idatzi eta eraikitzen dituzten prozesu horiek?, nork ematen die zilegitasuna?, zein oinarri objektibo eta zientifiko dute erabilitako metodoek?, zer fikzio-mekanismok parte hartzen dute eginkizun horretan? Horra filmazioan zehar pizten diren eztabaida ugarietako gutxi batzuk.
Gogoeta horiek jaso eta haietatik abiatuta ikus-entzunezko dokumentu bat sortzeko saiakerak berak kontakizunak sortzeko edozein bitarteko auzitan jartzea dakar berez . Filmaren pasarteetan aurkezten zaizkigun pertsonaiak eta haien bidaiak galdera handiagoak egiten dizkigute ikus-entzunezko lengoaiaren eraikuntzari berari buruz, eta agerian uzten dute badaudela egitura zaharkituxe batzuk eta orainaren konplexutasuna errepresentatzeko edo azaltzeko tresna egokiak izateari utzi dioten tradizio bat, lexiko bat eta sistema zinematografiko bat.
The Lost World elkarren artean urruti samar dauden kokalekuen bidez egituratzen da, eta Akitaniako Arkeologia Museora (Bordele) edota Atapuercako Aztarnategi Arkeologikoetara garamatza. Istorio txikiak hedatzen eta nahasten dira bertan: aukerak eta zalantzak ugaritzen dira, horrela, eta osotasun bakar, lineal eta kategoriko gisa eraikiezina dela badakigun istorio bat azaltzeko ezin konta ahala modu sortzen dira.
Dokumentazioa
Antonio Macarrok, egun Tabakaleran egoiliar den artistak, bertan garatzen ari den The Lost World, proiektuaren aurkezpena egingo du.