Wer ist Oda Jaune? (¿Quién es Oda Jaune?), Kamilla Pfeffer, Alemania, 2016, 75', JBAES, DCP
Hasteko, esan genezake Oda Jaune margolari bulgariar bat dela (Sofia, 1979), eta pantailan duen presentzia hipnotikoa dela. Eta oso mantso hitz egiten duela. Eta susmo txarra hartzen diola kamera bat bere sortzeko prozesua erregistratzen saiatzeari. Eta bere lana aztoragarria dela: koadro misteriotsuak, hiperrealistak, sexualak, goreak, formarik gabeak, likatsuak, guztiz hunkigarriak. Eta beste mundu bateko izaki bat ematen duela.
Orain, ikus dezagun zer dioen akademiak berari buruz: Oda Jaunek Düsseldorfeko Kunstakademien ikasi zuen eta bere belaunaldiko ikaslerik onenetako bat izan zen. Jörg Immendorff bere maisuarekin ezkondu eta gero, Parisera joan zen bizitzera alargundu ondoren. Bertan, beste artista ospetsu askoren lana (Andy Warhol edo Roy Lichtenstein, kasurako) kudeatzen duen Daniel Templon galeria da bere ordezkaria.
Eta orain, filmaren deskribapena. Dokumental bat da, eta bertan Oda ikusiko dugu: mihisea prestatzen, bere estudioan materialak prestatzen, zuzendariaren galderei urduritasunez erantzuten. Odak ez du film hau biografia bat izaterik nahi. Ez du gauza gehiegi jakinarazi nahi. Ez du nahi. Kamilla Pfefferrek artistaren prozesua behatzen eta erregistratzen du eta badaki hor, irudi, keinu, isilune eta etenaldi horietan, definitu ezin daitekeen zerbaiten gakoa dagoela. Ikusezina ikusarazteko bere saiakera da. Nor da Oda Jaune?
Kamilla Pfeffer zuzendariak Oda Jaune bulgariar artistaren prozesua behatzen eta erregistratzen du eta badaki hor, irudi, keinu, isilune eta etenaldi horietan, definitu ezin daitekeen zerbaiten gakoa dagoela.