Tabakalerak, hainbat diziplinatako artista egoiliarrek lan egiteko eta elkarrekin bizitzeko erabiltzen duten sormen garaikidearen zentro bezala, zazpi filmez osatutako ziklo bat proposatzen du. Guztiak 2016ko jaialdien zirkuituan estreinatu ziren, eta sorkuntza-ekintza zinema garaikidean nola jasotzen den islatzen dute: Richard Burden, Oda Jaune, Rose Wylie, Trisha Brown, Angélica Liddell, Ingeborg Bachmann eta Paul Celan.
«Artea erakustea artista ezkutatuz: horixe da artearen xedea».
Oscar Wilde, Dorian Grayren erretratuaren hitzaurrean.
Erretratua. Erretratua zinemaren historian. Artistaren erretratua zinemaren historian. Van Gogh-Kirk Douglasek eta Edith Piaf-Marion Cotillardek sorkuntzan emandako bizitza bat pantaila handira eraman zuten Technicolorrean, eta ezinezkoa zaigu horiek ahaztea. Baina ez, ez gara horretaz ari, beste zerbaitez baizik. Ziklo bat hasi dugu, eta hiruhileko honetan, Oscar Wilderen aipua ihespuntu bezala hartuta, zinemak artista eta prozesu sortzailearekin duen harremanari eta hura islatzeko gaitasunari buruzko galderak egingo dizkiogu geure buruari. Horren oinarria ez da biopica edo bizitzaren kopia/antzezpena izango, ikuspegi dokumental eta sortzailea baizik.
Gure abiapuntua artista garaikidearen figura da, ia beti ezkutuan dagoena, Wildek esango lukeen bezala, bere lantegian. Eta hainbat galdera: nola sortzen du, zergatik, zeintzuk dira bere prozesuak, zalantzak, keinuak, denborak, etenaldiak eta erabakiak? Posible al da hori guztia azaltzea? Posible al da gauzak gertatzen direneko unea filmatzea? Eta aurrekoa? Eta ondorengoa? Eta urrats bat haratago joanda: Erretratu biografiko mota bat al da lan artistikoa? Eta alderantziz?, berriz ere Wilde maisuak esango lukeen bezala.
Tabakalerak, hainbat diziplinatako artista egoiliarrek lan egiteko eta elkarrekin bizitzeko erabiltzen duten sormen garaikidearen zentro bezala, zazpi filmez osatutako ziklo bat proposatzen du. Guztiak 2016ko jaialdien zirkuituan estreinatu ziren, eta sorkuntza-ekintza zinema garaikidean nola jasotzen den islatzen dute: Richard Burden, performancearen aitzindaria; Oda Jaune, margolari bulgariarra; Rosa Wylie, Kenteko bere estudiotik (Ingalaterra); karta zuria artista bati bere film gogokoena hauta dezan; Trisha Brown Parisko Operan; Angélica Liddell dramagile eta literatura dramatikoko saridun nazionalaren saiakerak; eta Ingeborg Bachmann eta Paul Celan olerkariak bere lanaren berrirakurketa batean.