Paddy Steer-ek zuzenean joko du John Hilcoat zuzendariaren The Road filmarentzat sortutako soinu banda:
The Road, John Hillcoat, AEB, 2009, 112'
Jatorri ezezaguna duen ezbehar batek mundua suntsitu du eta apokalipsi osteko paisaia horretan iraun duen gauza bakarra amaigabeko basarmotua da eta bertan, noraezean dabiltzan eta biziraun duten pertsona batzuk. Leku horretan kokatu behar ditugu bi pertsonaia nagusiak, aita eta semea (Viggo Mortensen eta Kodi Smit-McPhee) hegoaldeko lurralde beroetara bidean errepide bati segika dabiltza. Bizirauteko bidaia hutsa izango da, amalurraren baliabideak ia erabat desagertu dira eta bidea bandido eta kanibalek hartutako leku arriskutsua da.
Cormac McCarthy idazle iparramerikar garaikide handienetarikoaren (Philip Roth, Thomas Pynchon eta Don Delilloren baimenarekin) izen bereko nobela oinarri hartuta zinerako eginiko egokitzapena da. Coen anaiek McCarthy mugakoena eta biolentoena egokitu zuten 2007ko No Country for Old Men (No es país para viejos) filman, oraingoan John Hillcoat zuzendariak, Javier Aguirresaroberen argazkiak lagunduta, McCarthy apokaliptiko eta bisionarioena islatu du.
PADDY STEER:
Eta nola bateratu amaierarik gabeko errepide horren unibertso lazgarria Paddy Steer musikari kameleonikoaren proposamenarekin? Unibertsoen kontrastea bizipen ederra izango da, filmak nahigabea eragiten duen unean Steer-en bateriak bizitza transmititzen du. Edonola, egia da Paddy Steer eta bere mozorro eta “low-fi-mad-max-puppet-style” instrumentu bilduma galtzear dagoen mundu horretako unibertsoko diren pertsonaia exzentrikoen artean agertzeko modukoak direla.
Paddy Steer-ek zuzenean joko du John Hilcoat zuzendariaren The Road filmarentzat sortutako soinu banda.