Tabakalerako zinema-pantaila musika-areto ere izateko desiratik jaio dena: zinema eta zuzenean jotako soinu-bandak.
Irudi mutuak musikarekin laguntzearen tradizioak zuzenean garamatza zinema mutuaren jatorrietara. Foku hau hortik abiatzen da, baina filmak zuzeneko musikarekin proiektatzearen tradizioari gaur egungo bandek nola heltzen dioten esploratzeko asmoz. Konbinatu ditzagun denborak eta estiloak, gitarra elektrikoak eta pianoak, sintetizadoreak eta B seriea, thereminak eta panderetak mugimendua duten irudien gainean.
Gure ibilbide laburrean, dagoeneko mota horretako bi esperientzia oso ezberdin izan ditugu: Zombie Zombie talde frantsesaren bisita Narimane Mari-ren Loubia Hamra pelikula zuzenean musikatzeko, eta Grigori Kozintsev-en La Nueva Babilonia (1929) filmaren proiekzioan Mélanie Lévy-Thibaut-ek zuzendutako Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Shostakovich zuzenean jotzen. Horrez gain, unibertso musikal horretan sartzen ditugu Euskadiko Filmategiak Jazzaldia jaialdiaren laguntzarekin antolatutako proiekzioak, jazzaren imajinarioak zinemaren historian duen lekua ardatz dutenak: Jazz Zinema.
Esparru orokor eta zinemazale horretatik harago, aldi berean foku berri hau garatzen ari den proiektu bat da, eta bidelagunak batzen ditu musika eta zinemaren arteko harreman amaigabe hori aztertzeko: piano klasikotik bideoklipera, formatu filmikotik emanaldi-leiho berrietara, youtuberako coverretatik dj bisualetara, musikari buruzko dokumentaletatik goizaldeko karaokera, streamingeko pixeletik autotuneko reverrera. Helburua da ekintzarako eta hausnarketarako gune bat sortzea, musikaren eta mugimenduan dauden irudien arteko harremanaren mugak eta aukerak aztertzeko.
Testuinguru horretan, agerikoa denez beharrezkoa da gure interesak partekatzen dituzten hurbileko zenbait bazkide proiektuan parte hartzera gonbidatzea. Musika talde baten aurkezpena izango balitz, hurrengoa esanez hasiko ginateke: “Baxuan”, 2DEO, Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategia; proiektuari egiten dion ekarpena da ikus-entzunezko formatu berriak esploratzeko interesa eta 3.0. bideoklipari eskainitako arreta. “Gitarran”, bidaia honetarako bigarren bazkidea eta ohiko kolaboratzailea, Kutxa Kultur, eraikin eta aretoko (Kluba) auzotarra dena, eta Jatorrizko Soinu-Bandaren proiektu honi gure ustez ekarpen handia egin ahal dion lekuko musika taldeentzako egoitzen proiektu bat duena. Egoitzen egitasmo horren helburua da bertako musika talde batekin sortzea datorren urteko Dock of the Bay jaialdian zuzenean aurkeztu eta joko den jatorrizko soinu-banda bat. “Baterian”, berriz, aipatu berri dugun Dock of the Bay, hiriko musika dokumentalen jaialdia. Beraiekin indarrak batu eta kolaboratzaile bihurtu gara, Tabakaleraren programan jaialdiak duen leku bisuala zein soinuzkoa foku honen bidez urte osora zabaltzeko.