Fad'jal, Safi Faye, Senegal-Frantzia, 1979, 112'
Safi Faye (1943) zinemagile eta etnologo senegaldarra Dakarren garai hartako kultur giro emankorrean hazi ziren emakume aske eta independenteen bigarren belaunaldiko kide da, independentzia lortu berri duen herrialde bateko hiriburuan hazi zen eta irakasle, sonidista eta aktore jardun zen Etnologia ikasketak aurrera atera ahal izateko. 20 urte besterik ez zituela, Jean Rouch ezagutu zuen Dakar Art Festivalen (Senegalen antolatu zen lehen arte afrikarraren jaialdia). Berarekin, zine karrera bat hasi zuen, lehenik Petit à Petit (1969) filman parte hartu, eta, beranduago, zuzendari bezala, La Passante (1972), Letter from the Village (1975), Fad 'jal (1979), Selbe (1983) edo Mossane (1996) pelikulak burututa.
Rouchek bere obran duen garrantzia beti aitortu izan du Fayek. Baina hark ez bezala, berak urrun uzten du afrikarrak "bestetzat" edo objektu kulturaltzat hartzen dituen mendebaldeko begirada hori, eta Afrikako subjektibotasuna berregiteko hautua egin du, eta, Sarah Maldororrek bezala, Fayek ere aro kolonialean baztertuak izan diren Afrikako kulturak islatu ditu. Horregatik, afrikarrentzako zinema egiten du, eta bertan ezberdintasun kulturala, etnikotasuna, identitatea edo migrazioak bezalako gaiak jorratzen ditu, emakume senegaldar baten ikuspegitik. Serer bere jatorriak, herentzia kultural handia duen nekazal herria, eta Sorbonako Etnologia eta Antropologia doktoretzak, lan erdiautobiografiko baten sorrera adierazten dute, non bera behatzaile parte-hartzaile bezala kokatzen den eta komunitatea erretratatzen duen, jendeari ahotsa emanez.
Safi Faye izan zen Kaddu Beykat (1975) film luzea egin zuen Afrika beltzeko lehen emakumea, Letter from the Village izenez ezaguna. Herriaren miseria erakusten zuen eta Léopold Sédar Senghoren politikak kritikatzen zituen pieza hori urteetan zentsuratu zuten Senegalen; hala ere, aitortza eta hedapen handia lortu zuen nazioartean. 1979an, Fad 'jal estreinatu zuen, bere gurasoak jaio ziren herria, Fad' jal, erretratatzen duen doktore tesiaren emaitza. Fayek memoria, narrazioa eta norberaren istorioak nabarmendu nahi zituen, inoiz idatziak izan ez diren horiek. Maisulana da eta Cannesen aukeratu zuten lehen afrikar film beltza.
Tania Adam. Kazetaria eta kultur ekoizlea. Radio Africa Magazine irratiaren sortzailea.
Safi Faye izan zen "Kaddu Beykat" (1975) film luzea egin zuen Afrika beltzeko lehen emakumea. 1979an, "Fad 'jal" estreinatu zuen, bere gurasoak jaio ziren herria, "Fad' jal", erretratatzen duen doktore tesiaren emaitza.