Zabaltegi-Tabakalera sailak gehienbat Berlindik, Cannestik, Locarnotik, Veneziatik eta beste hainbat zinema-jaialditatik ateratako lanen hautaketa bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan. Zinemaldiko lehiazko sail irekienean (ez dago mugarik estilo edo denborari dagokienez) Ion de Sosa, Andrés Di Tella, Ashmita Guha, Kohei Igarashi eta Rati Oneli egileen mundu-estreinaldiak erakutsiko dira, Paul B. Preciado, Delphine Girard, Jean-Luc Godard, Yui Kiyohara, Damien Manivel, Rodrigo Moreno, Éléonore Saintagnan eta Eduardo Williams zinemagileekin batera. Sailean 25 filmek hartuko dute parte: hamabost film luzek, zortzi film laburrek eta bi film ertainek.
Zabaltegi-Tabakalera saila Yui Kiyohara zinemagileak (Tokio, Japonia. 1982) zuzendutako Subete no Yoru wo Omoidasu / Remembering Every Night filmarekin inauguratuko da; Kiyohararen lehen filma Watashitachi no ie / Our House (2018; Berlinaleko Forum sailean bildua) izan zen. Sail horretan bertan aurkeztu du aurten bere bigarren film luzea, emakumezko zenbait pertsonaiaren azterketa bat. Inaugurazio-saioan Jean-Luc Godard (Paris, Frantzia. 1930 – Rolle, Suitza. 2022) zuzendariaren hil ondoko film labur bat ere emango da: Film annonce du film qui n'existera jamais: ‘Drôles de Guerres’ / Trailer of the Film That Will Never Exist: ‘Phony Wars’.
Ulises de la Orden (Buenos Aires, Argentina. 1970) dokumental-zuzendariak emango dio giltza sailari. Hala, El juicio / The Trial erakutsiko du argentinarrak, Berlinaleko Panorama sailean estreinatutako ez-fikzio bat, Argentinako diktaduraren batzar militarren aurka 1985ean egindako prozesu judiziala xehetasunez dokumentatzen duena.
Cannesko zinema-jaialdiko film laburren lehiaketa ofizialean programatua, Guillermo García Lópezek (Madril, Espainia. 1985) zuzendutako Aunque es de noche / Even Though it's Night filma La Cañada Realeko 6. sektorean kokatuta dago (La Cañada Real legez kanpoko kokaleku bat da eta Madrilgo aldirietan dago). Madrildarraren lehen lan Frágil equilibrio (2016) izan zen eta film dokumental onenaren Goya saria eraman zuen. Halaber, aurten beste film labur bat ere aurkeztu du Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean, Mariana Bártolorekin batera zuzendutako As gaivotas cortam o céu / Seagulls Cut the Sky, hain zuzen.
Bere film laburrak FID Marseille, Visions du Reél eta halako jaialdietan erakutsi ondoren, Éléonore Saintagnan (Paris, Frantzia. 1979) Camping du Lac filmarekin estreinatu zen film luzeen zuzendaritzan. Saintagnan bera da film horretako protagonista, eta aintzira baten ondoan bungalow bat alokatzen dueneko istorioa kontatzen digu; diotenez, kondairazko piztia bat bizi da aintzira horretan. Locarnoko zinema-jaialdiko Cineasti del Presente sailean parte hartu berri du filmak, eta Epaimahaiaren Sari Berezia beretu du hor.
Izen bereko bere film labur batean oinarritua, Xue yun / Absence Wu Langen (Yiyang, Txina. 1991) lehen film luzea da; Berlingo zinema-jaialdiko Encounters sailean izan zen egile txinatarra elkarri lotutako patuak izaten jarraitzen duten bi maitale zaharren kontakizun honekin. Zuzendariak bi lanekin hartuko du parte Zabaltegi-Tabakalera sailean. Izan ere, Absence emateko saio berak Duan Pian Gu Shí / Short Story film laburraren emanaldia ere barne hartuko du. Veneziako Orizzonti sailean estreinatuko den film horren protagonista gizon bat da, eta aspalditik ikusi ez duen emazteak agur esango diola amets egiten du.
Locarnoko zinema-jaialdiko lehiaketa ofizialetik etorria –film onenaren Urrezko Lehoiabarra irabazi zuen bertan El auge del humano / The Human Surge (2016) filmarengatik–, Eduardo Williamsek (Buenos Aires, Argentina. 1987) bere bigarren film luzea aurkeztuko du, El auge del humano 3 / The Human Surge 3, mundu bitxi eta misteriotsu batean girotutako istorio bat, hain justu. Kritika independenteak film onenari emandako Urrezko Boccalino Saria irabazi du lanak Locarnon.
Berriz bere aita zaharrarekin bizitzera behartutako gizon bat da Gamopituli Khalkhi / We Are The Hollow Men film laburreko protagonista. Zuzendaria, Rati Oneli (Tbilisi, Georgia, 1977), Dasatskisi / Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020) filmaren ekoizlea, gidoigileetako bat eta aktorea ere bada. Film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendaritza onenaren eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen Kulumbegashviliren obrak. Oneliren City of the Sun dokumental hibrido saritua Berlingo zinema-jaialdiaren 2017ko edizioan estreinatu zen.
Berlinaleko Encounters saileko film onenaren sariaren irabazlea Here izan zen; film horretan, Bas Devosek (Zoersel, Belgika. 1983) erromantze baten aukerak jaioterrirako itzulera atzeratuko dion etorkin baten istorioa kontatzen digu. Bere aurreko film luzeekin Berlingo zinema-jaialdiko beste sail batzuetan parte hartu izan du Devosek, baita Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean, Rotterdamen eta Karlovy Varyn ere.
Damien Manivelek (Brest, Frantzia. 1981) aipamen berezia lortu zuen FID Marseille jaialdiaren lehiaketa frantziarrean L'Île / The Island lanarekin; adiskidetasunari eta heltzeari buruzko istorio bat kontatzen digu Manivelek bere filmean. Film honekin, Manivelek hirugarrenez hartuko du parte Zabaltegi-Tabakaleran, La nuit où j'ai nagé / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam (2017) –Kohei Igarashirekin batera zuzendua eta Veneziako Orizzonti sailean esterinatua– eta Les enfants d’Isadora / Isadora’s Children (2019) –zuzendaritza onenaren saria beretu ondoren aipamen berezia lortu zuena Locarnon– filmak ere aurkeztu baitzituen sail horretan.
La Palisiada Philip Sotnytxenkoren (Kiev, Ukraina. 1989) lehen lana da, FIPRESCI saria irabazi zuen Rotterdamgo zinema-jaialdiko Tiger lehiaketan, eta bi lagun ditu protagonista, polizia-detektibe bat eta auzitegiko psikiatra bat, hilketa baten ikerketan sartuak biak.
Rodrigo Morenok (Buenos Aires, Argentina. 1972) aipamen berezia lortu zuen Horizontes Latinos sailean El custodio (2006) lanarekin, eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako Los delincuentes / The Delinquents lanarekin. Moránen eta Románen istorioa kontatzen digu Morenok bere film luze berrian. Bankuko bi langile horien errutina zeharo aldatuko da horietako batek euren sukurtsalean lapurtzen duenean.
Andres Di Tella (Buenos Aires, Argentina. 1958) Horizontes Sariaren epaimahaikide izan zen Donostian 2016an, eta 2022an, berriz, Nesteko epaimahaiburu izan zen; oraingoan, bere lan berriarekin itzuliko da: Mixtape La Pampa film luzea Argentinaren nortasuna eratzeko funtsezko sinbolismoa duen eremu bateko paisaian barneratzen da. 327 cuadernos (2015), Ficción privada / Private Fiction (2019) eta Diarios (2022) lanekin hartu izan du parte errealizadoreak Zabaltegi-Tabakaleran.
Berlinaleko Encounters sailean sariak erdietsi zituen beste film saridun bat ere erakutsiko da Zabaltegi-Tabakaleran; izan ere, Orlando, mi biografía política / Orlando, My Political Biography obrak lau sari lortu zituen Encountersen, tartean Epaimahaiaren Sari Berezia. Bere lehen film luzean, Paul B. Preciado idazle, filosofo eta aktibista (Burgos, Espainia. 1970) Virginia Woolfen eleberritik abiatzen da generoa, gorputz ez-bitarrak eta halako gaiak jorratzeko.
Atsushi Hiraik (Toyama, Japonia. 1989), Locarnon parte hartu zuen Return to Toyama bere lehen film laburrarekin, eta Quinzaine des Cinéastes ataleko film laburren sailetik igaro zen lan bat erakutsiko digu oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran. Oyu filmean, gizon batek galdutako objektu baten bila bainu publiko batzuetara egingo duen bisita deskribatzen du zuzendariak.
Ashmita Guha Neogi indiarrak (Delhi, 1991) Nest Saria irabazi zuen CatDog filmarengatik, bere lehen film luzea prestatzen ari da gaur egun, eta Sīlan aurkeztuko du oraingoan, ama hitzen zaienean berriz harremanetan jartzen diren bi anai-arrebei buruzko film ertaina.
Delphine Girard (Quebec, Kanada. 1990) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da bere lehen film luzearekin; zehazki, Quitter la nuit / Through the Night film luzeak Oscar sarietarako izendaturiko Une soeur / A Sister film laburraren ideia garatzen du. Filma, Veneziako Giornate deli autori atalerako hautatua, indarkeriak markatutako hiru pertsonaiaren jarraipena da.
Blazh / Grace Ilya Povolotskyren (Izhevsk, Errusia. 1987) fikziozko lehen film luzea da. Egileak Quinzaine des Cinéastes atalean hartu zuen parte bi aita-alaben kontakizun samur eta kontenplaziozko horrekin; filmean ikusiko dugu aita-alabek zinema-proiektore batekin bidaiatzen dutela paisaia atsekabegarri batean barrena.
Shaylee Atary aktore eta zuzendariak (Rishon Lezion, Israel. 1989) bere bigarren film laburra aurkeztuko du, Or panas yachid / Single Light; Jerusalemgo zinema-jaialdian estreinatua, sexu-eraso bat jasan duen emakume bat da filmaren ardatza. Bere lehen film laburrarekin (Neurim) Cannesko Cinéfondation sailean egon zen.
Ez da izango Kohei Igarashik (Shizuoka, Japonia. 1983) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko duen lehen aldia; izan ere, arestian aipatutako Damien Manivelekin batera zuzendutako eta Veneziako Mostrako Orizzonti sailean emandako La nuit où j'ai nagé / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam (2017) filmarekin ere parte hartu zuen. Manivel da, hain zuzen ere, Igarashiri Zabaltegi-Tabakalerara itzultzea ahalbidetu dion lan berriaren ekoizlea; oporrak elkarrekin igarotzen dituzten haurtzaroko bi laguni buruzko Suigyo no majiwari / Two of Us film laburraz ari gara.
Hautaketak Espainian ekoitzitako eta jada iragarritako lau lan ere barne hartuko ditu: Antier noche / Nights Gone By Alberto Martín Menachoren (Madrid, 1986) lehen film luzea da, Ikusmira Berriak egonaldietarako eta proiektu-garapenerako programan garatua eta Visions du Réel jaialdian estreinatua; An Pham Thienek (Vietnam, 1989) zuzendutako Bén Trong Vo Ken Vang / Inside the Yellow Cocoon Shell nazioarteko ekoizpena da, Urrezko Kameraren –Cannesko zinema-jaialdiko debutik onenak jasotzen duen golardoaren– irabazlea; Mamántula Ion de Sosak (Urnieta, 1981) zuzendutako film ertaina da, eta egileak Leyenda dorada / The Golden Legend (2019) ere zuzendu du (besteak beste), Berlinalean lehiatu ondoren Zabaltegi-Tabakaleran emandako film laburra; eta, azkenik, Contadores Irati Gorostidik (Eguesibar, 1988) zuzendutako film laburra da, Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Kimuak programaren katalogoan bildu zena.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako Zabaltegi-Tabakalera saileko film guztiak Zabaltegi-Tabakalera Saria –horretarako eratutako epaimahai batek emana– irabazteko hautagaiak dira. Saria 20.000 eurokoa da: 6.000 euro zuzendariarentzat eta beste 14.000 euro filma Espainian banatzen duenarentzat.