Jarraitu Zinemaldia euskaraz sareetan, aurten ere, Tabakalerako 2deo laborategiari esker
>> Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Donostia Zinemaldiaren lankidetzari esker, Zinemaldiaren jarraipena euskaraz egin ahal izango da sare sozialetan.
>> #2deotikZinemaldira ekimenari esker, 2deo laborategiko hainbat eduki sortzaileak zuzeneko jarraipena egiten arituko dira euskaraz euren sare sozialetako kanaletan.
Tabakalerako 2deo euskarazko ikus-entzunezko laborategiak, SSIFFekin elkarlanean, #2deotikZinemaldira ekimena antolatu du bigarrez urtez. Tabakalerako 2deoren eskutik, laborategian lanean aritzen diren egoiliarrek eta sareetan ezagunak diren eduki digitalen sortzaile gazteek osatutako talde batek Donostia Zinemaldia barrutik jarraituko du sare sozialen bidez, euskaraz eta formatu eta eduki digital berriak erabiliz.
Honenbestez, Donostia Zinemaldiak iraungo duen bederatzi egunetan, irailaren 22tik 30era, euskarazko jarraipena egiteko aukera izango da TikTok, Twitch, Youtube, Instagram eta Twiterren, 2deoko sortzaileek #2deotikZinemaldira traolarekin argitaratuko dituzten edukien bidez.
Aniztasuna eta euskara #2deotikZinemaldira ekimenaren ardatzak
Tabakalerako 2deok euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa bultzatu nahi ditu bigarrez urtez antolatu duen ekimen honekin eta, era berean, komunikaziorako formatu berriak sustatu. Joan zen urtean egitasmoak izan zuen harrera ona kontuan hartuta, 2023an ere Donostia Zinemaldiaren jarraipen berezia egiteko prest daude 2deotik laborategiaren zenbait egoiliar, gazteak eta euskaldunak guztiak.
Aurten arreta berezia eskainiko zaie Donostia Zinemaldian aniztasunarekin lotutako jarduerei. Besteren artean, Sebastiane Saria eta Sebastiane Latino sarietarako hautagaiak diren filmen jarraipena egingo dute #2deotikZinemaldira-ko sortzaile gazteek eta baita aniztasunaren inguruan Industry atalean izaten diren mahai-inguruena ere.
#2deotikZinemaldira-ko sortzaile digitalak
Iñaki Urruzola ilustratzaile, diseinatzaile eta tatuatzaileak eta Julen Gorosabel gidoilari, idazle eta zinemazale donostiarrak sortu zuten La Cagué podkasta. Bertan, bi euskaldun maritxuk umoretik euskal LGTBI kulturari buruz hausnartzen dute. Donostia Zinemaldiko LGTBI film eta solasaldien ekitaldiak jarraituko dituzte bi modutara: unean bertan podkasteko Instagrameko kontura igoko dituzten story eta reelekin eta 3. denboraldiko atal batean Zinemaldiari buruzko kontakizun orokorra eginez.
Bestalde, Maider Uriarte sortzaileak “Oraingana” saioa sortuko du TikToken, Zinemaldiaren iragana eta orainaldia uztartzeko helburua duena. Iraganean filmak nola proiektatzen ziren eta gaur egun nola egiten den, sarrerak nola saltzen ziren gaur egungo sistemaren aldean, Zinemaldiko protagonisten oroitzapenak, celebrityen lehenengo harremana Zinemaldiarekin zein izan zen, eta beste hainbat istorio kontatuko ditu zuzenean euskal sortzaileak.
Itxaso Payá Ruiz. Euskal sortzailea: antzezlea, gidoilaria eta bertsolaria. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua. Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikiko kidea. Pertsonaia desberdinetan bilakatuta, zinemaldiko "backstage" uneak harrapatuko ditu: Alfonbra gorrian zain dauden zaleak, Donostiatik dabiltzan turistak, Zinemaldiko langileak, Prentsaurreko bateko kazetariak, aurpegi ezagunak…
Hauekin batera, Donostia Zinemaldiko Gazteriaren TCM sariko epaimahaikide izango den Nahiara Sillero aktoreak aurten Gazteriaren film irabazlea aukeratzeko prozesuaren barrenak erakutsiko dizkigu TikTok eta Instagramen. Saria irabazteko hautagai diren filmak Horizontes Latinos Saileko zuzendarien lehen eta bigarren lanak, eta New Directors Saileko filmak dira. Gainera, aurten beste sail batzuk ere jarraituko ditu, hala nola, NEST saila.
Gaizka Izagirre Gaztezuloko zuzendaria eta film eta telesail kritikaria da, eta zortzi urte baino gehiago daramatza Gaztea, ETB, Argia, Euskadi Irratia, Hamaika TB, Ttap edota Zinea.eus bezalako komunikabideetan. Zinema bere bizitzako pasioa dela esatea oso motz geratzea da. Feroz Sariak banatzen dituen Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kidea ere bada. Sare sozialetan ere aktiboki partekatzen ditu zinema gomendioak, Twitter, Twitch eta TikTok-en bereziki. Donostiako Zinemaldiko jarraipen arina eta informala egingo du eta plataforma bakoitzaren lengoaiaz baliatuko da eduki desberdinak sortzeko.
# 2deotikZinemaldia, 2deo laborategiko eduki sortzaileak euskarazko zuzeneko jarraipena egiten ariko dira sare sozialetako kanaletan.