Nómada instalazio-proiektu bat da; hausnarketa bat modernitate likidoaren aroan identitatea eraikitzearen eta hedabide digitalek prozesu horretan duten zereginaren inguruan.
Identitate pertsonala honetan datza: zerk egiten gaituen gizakietako bakoitza besteengandik desberdin, eta nola aldatzen garen denboran zehar. Identitate pertsonalaren kontzeptua aldatuz joan da historian zehar. Errenazimendura arte izaera kolektiboa zuen, gizakia gizarte-sare baten parte baitzen. Erromantizismotik abiatuta hasten dira gizakiak elkarrengandik bereizten eta beren barne mundua eta pentsamenduak garatzen. Modernitate berantiarraren aroan, ziurtasunak desagertu egiten dira, eta horrek zaildu egiten die gizabanakoei beren idearioa euskarri ideologiko egonkorretan oinarritzea. Ziurgabetasunak, aldaketa etengabeak eta krisi globalak markatutako gizarte-sare batean gaude eta, azkenean, subjektuaren krisi indibidualera eramaten gaitu horrek. Dagoeneko ez dago ideia sendorik zeini heldu, eta horrek zaildu egiten du edozein erabaki hartzea, baita zer edo nortzuk garen erabakitzea ere. Gure gaitasunetan eta gure inguruarekiko jarrera kritiko eta gogoetatsuan oinarrituta eratu behar dugu gure identitatea, baina baita besteengan oinarrituta ere; izan ere, besteak eta ingurunea behar ditu gizakiak bere burua ezagutu ahal izateko, eta horrek berresten du subjektua ezin dela bakartasunean eratu.
Hala, hedapen eta aldaketa etengabe horiei nire lanaren bidez heltzen saiatzen naiz, baliabide teknologiko digitalekin erlazioan giza identitate pertsonalaren inguruan sortzen diren paradoxa berriak erakutsiz.