Gersen praktika artistikoan, testuaz, marrazkiaz eta argitalpenez baliatzen diren instalazio eta lanak daude, gorputzaren, mugimenduaren eta hizkuntzaren arteko harremana aztertzeko. The Same Ground lurrean dago egina, eta hizkien, hizki zatien, sinboloen eta zeinuen bidez partitura tenporala sortzen du, hizkuntzaren eta keinuaren artekoa. Tabakaleraren eraikina eta horren historia kontuan hartuta, bai eta espazio iragankorreko erritmo ziklikoak eta horren inguruan dauden artelanak ere, lan hau ikusteko, edo irakurtzeko, mugitu egin behar gara. Zenbait norabidetatik ikus daiteke, orientazio finkorik gabe, eta, horri esker, hizkuntzaren eta denboraren egitura linealaren artean irrist egiten dugu.
Erakusketan zehar, tokiko artista, idazle eta teorialariak gonbidatuko dira lan honen “irakurketa” propioa egin dezaten. Irakurketa bakoitzaren informazioa bildu eta txosten gisa aurkeztuko da. Erakusketaren amaieran, irakurketa/idatzi horien txostenak argitaratu egingo dira.