Sugar Detox Clinic azukrearekiko mendekotasuna tratatzeko desintoxikazio-klinika bat da, terapien industriaren parodiaren eta gozotasunak kontrolatutako gizarte baten distopia futuristaren arteko erdibidean dagoena. Tratamenduek, hainbat kontsumitzaile-mendekoren profiletara egokituek, azterketa sentsorialak dituzte oinarri, zaporearen pertzepzioak bost zentzumenen eragina duela erakusten dutenak: dastamena eta usaimena, baina baita entzumena, ukimena eta ikusmena ere. Sugar Detox Clinic-en adikzioa azukrearekin dugun harreman korapilatsua ziurrenik hobekien sintetizatzen duen produktuarekin tratatzen da, litxarreria zitalenarekin: ominolarekin. BCC Innovation-ekin eta Food Hack Lab kolektiboarekin lankidetzan diseinatuta, tratamendu gisa eskaintzen diren bost gominolak (diagnostiko mota bakoitzerako bana), aldi berean, elikagaien berrikuntzaren prototipoa eta artelanaren barruko artelan txiki bat dira. Esperientzia sentikor gisa, gastronomia gaitasun sortzaileak eta jakintza zientifikoak uztartzen dituen arte gisa aldarrikatzen da. Sukaldeko espazioa, gainera, leku soziala da, eta, aldi berean, etxeko laborategi bat. Sugar Detox Clinic-en, aniztasun hori diseinu espekulatibotik lantzen da. Diseinu industrialak merkaturako tresnak sortzen baditu, arazo edo beharrizan bati erantzuten dioten produktuak, diseinu espekulatiboak kontzeptuen inguruan arakatzen du, problematika horri buruzko ikuspuntuak zabaltzen dituzten galderak edo esperientziak proposatuz.