(1932–2016)
Musika elektronikoaren arloko aitzindaria, konpositorea, akordeoi-jotzailea, ikertzailea eta irakaslea izan zen Oliveros, eta "Deep Listening" edo "entzunaldi sakona" izeneko praktika garatzen eta irakasten pasa zuen bizitza. Ezohiko emakumea izan zen garai hartako AEBko konpositoreen artean, gehienak gizonezkoak baitziren. Ramón Sender eta Morton Subotnick-ekin batera San Francisco Tape Center sortu zuen, eta irakasle aritu zen hala Troyko (New York) Rensselaer Institutu Politeknikoan, nola Oaklandeko (Kalifornia) Mills College izenekoan. Horrez gain, tailer eta egonaldi ugari antolatu zituen entzunaldiak eskaintzen zituen aukerak sakonago aztertzeko. Ingurumenarekiko sentikortasun handia zuen, eta mito zein errituen funtzioak ikertu zituen; hori dela eta, Oliverosek eragin sakona izan du artista eta musikarien belaunaldi oso batean.