Imagen
Imagen
Descripcion

 

Sheroanawe Hakihiiwe (Sheroana, Venezuela, 1971) artista indigena bat da. Platanalen, Venezuelako Alto Orinocoko yanomami komunitatean bizi da, eta 1992an ekin zion sorkuntza-lanari zuntz natiboekin ꟷShiki eta Abaka besteak besteꟷ artisau-papera egiten ikasi zuenean, Laura Anderson Barbata artista mexikarraren babespean.

Hakihiiwek azken urteotan garatu duen lana Yanomami komunitatearen identitatea eta kultura adierazten duten animalia, landare eta elementuen atlas berezi bat dela esan daiteke. Bere marrazki sintetikoak eta minimalistak, oihalaren edo paperaren gainean, bere komunitateak paisaiarekin eta inguratzen duen ekosistemarekin duen hartu-eman zabal eta sakonaren isla bizia dira; naturarekin uztartuta, harekin landu duen harremana.

Bere lanen bidez, Hakihiiwek hainbat binarismori egiten die desafio: gizakia/animalia, bizitza/heriotza, gorputza/espiritua edo barnea/kanpoa, besteak beste. Landare eta zuhaitzetako beldarrak, hostoak eta enborrak, hegazti-lumak edo elementu apaingarriak irudikatuz, Yanomami komunitatearen tradizioaren eta identitatearen interpretazio oso pertsonala partekatzen du Hakihiiwek ikuslearekin, eta ariketa bat egiten du, ez bakarrik Pori Pori herriaren memoria finkatzeko eta nolabait autobiografikoa den testuinguru bat erregistratzeko, baita inguratzen duen ekosistemarekiko errespetu sakonean oinarritutako komunitate bat aintzatesteko eta aldarrikatzeko ere.

Hakihiiweren obra nazioarteko erakundeen aztergai izan da berriki, eta erakusketa garrantzitsuetan parte hartu du, haien artean nabarmentzekoak: The Yanomami Struggle, The Shed, New York, USA, Thyago Nogueirak komisariatua (2023); 59º Biennale di Venezia (2022); Nepaleko Kathmandu Triennale 2077 (2022); ‘Les Vivants (Living Worlds)’, Cartier Fundazioa (2022); Sydneyko XXXIII. Bienala (2022); ‘ReVisión: Art in the Americas’, Denver Art Museum (2021); ‘And if I devoted my life to one of its feathers?’, Austriako Kunsthalle Wien (2021). Aurretik, Hakihiiwek Berlingo Bienalean (2019) eta Shanghaiko XII. Bienalean (2018) parte hartu zuen.

Hakihiiwek berriki egin dituen bakarkako erakusketen artean daude, besteak beste, Thororo nasipe re u no wawe wope, Galería Elba Benítez, Madril, (2022); Watori, Ana Mas Projects, Bartzelona, (2021); Sheroanawe Hakihiiwe, Fortes D’Aloia & Gabriel, Carpintaria, Rio de Janeiro, Brasil (2021); Urihi theri, Lissabon Kunsthalle. Lisboa, Portugal (2021). Bestetik, erakusketa kolektibo hauetan parte hartu du: ‘Amazonía’, Berta Sichelek komisariatua, CAAC – Centro de Arte Andaluz de Sevilla (2021) eta ‘Uma História Natural das Ruínas’, Pivo Sao Paulo, Catalina Lozanok komisariatua (2021).

Bere obra garrantzi handiko bildumetan dago, tartean erakunde hauenak: New Yorkeko MoMA Arte Modernoko Museoa, Londresko British Museum, Frantziako Cartier Fundazioa, Limako Arte Museoa, Mexikoko Conaculta Bilduma, Estatu Batuetako San Frantziskoko Kadist Bilduma, Buenos Airesko Arte Ederretako Museoa eta Latinoamerikako Arte Museoa, Chicagoko Columbia College of Art, eta New Yorkeko Patricia Phelps de Cisneros Bilduma, besteak beste.

 

Disciplina
Proyectos participa
Eventos participa
Cargo - Nota descriptiva
Artista
Tipo
Artistas y Creadores