- Zer moduz zaude?
- Etxeko atarian nago sartu ezinik eta Kathrine kontaktatzen saiatzen ari naiz ea giltza lortzen dudan. Bera da kopia daukan bakarra. Benetan egoera xelebrea da.
Hau da Unhappy Hour-en (2023) hasiera, Ted Fendt-en (New Jersey, 1989) azken film laburra. Bertan, Claudia eta Franzaren arteko topaketa kontatzen da eta giltza baten istorioa. Claudia eta Franza Berlinen egon litezke. Alemaniarrez hitz egiten dute beraien artean. Daniela, Mia eta Natascharen lagunak ere izan litezke. Hiru hauek Outside Noise-en (2021) protagonistak dira. Kasu honetan, zuzendariak hiru neska hauen topaketak erakusten ditu New York, Berlin eta Viena artean. Pelikula hau leku batean gehiago egon nahi ez izan eta hori adierazten ez jakitearekin lotuta dago. Outside Noise Ted Fendt-ek bere esperientziarekin lotzen du. 2018an Berlinera bizitzera joan aurretik New Yorken egon zen azken urteekin hain zuzen. Bi pelikula hauek Ted Fendt-en hirugarren eta azken saioa osatzen dute eta esan genezake Éric Rohmer gogorarazten digutela.
Zikloaren lehenengo saioa berriz, New Jersey eta Filadelfia artean gertatzen diren hiru film laburrek eta Fendt-en lehenengo luzemetraiak, Short Stay-k (2016) osatzen dute. Protagonistak Mike, Rob eta Liz dira eta beraien topaketak eta egoera ezberdinak ikusiko ditugu. Luc Moullet zinegilearen umorea gogorarazten dute eta bizitzeko norabide zehatzik ez daukaten hogei bat urteko pertsonaiak dira. Fendt-en zinearen bertuteetako bat da fikziozko pelikulak egiten dituela baina pertsonaien egunerokotasuna hainbesteko naturaltasunez filmatzen duenez, dokumentala dirudiela. Baliteke hori lortzea profesionalak ez diren aktoreekin egiten duelako lan.
Zinegilearen beste ezaugarrietako bat da pelikulak zuzentzeaz gain, zinearekin lotutako beste lan batzuk ere egiten dituela. Proiekzionista da, itzultzailea eta 2016 urtean, adibidez, Straub eta Huilleten inguruko liburu bat editatu zuen Austrian Filmmuseumentzat. Agian honekin lotuta, bere pelikula guztiak analogikoan filmatuta daude eta Tabakaleran jatorrizko formatuan ikusteko aukera izango dugu. Zikloko lehenengo saioa Luc Moulletekin erlazionatzen dugun bezala eta hirugarrena Éric Rohmerrekin, bigarrenak Straub eta Huillet gogorarazten digu hain zuzen ere. Classical period-ek (2018) Cal aurkeztuko digu, liburu eta kultura klasikoaren maitalea. Filadelfian bere zaletasuna partekatzen duten beste pertsona batzuekin topaketak izango ditu eta pelikularen muina Danteren Divina Comediako Purgatorioko V. canto-aren inguruko eztabaida bat da.