Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikerketa-departamentuak, Medialabekin elkarlanean, Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektua abiarazi zuten, Zinemaldiko artxibo bizi bat sortzeko asmoz.
Zenbat historia biltzen ditu nazioarteko zinema-jaialdi batek zazpi hamarkadako ibilaldian? Nola berreskuratu Donostia Zinemaldiaren memoria eta 1953an sortu zenetik izandako alderdi zinematografiko, politiko, sozial eta pertsonal guztien arrasto materialak?
Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera, proiektu bat abiarazi zuen 2019. urtean, Zinemaldiko artxibo bizi bat sortzeko asmoz: Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70). Proiektuaren lehen fasea 2022an amaituko da, Zinemaldiaren 70. urteurrenean, hain zuzen.
Ekimenaren kolaboratzaile dira Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Euskadiko Filmategia, eta Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak babesten dute. Medialab, Tabakaleran herritarrentzat zabalik dagoen sorkuntza eta esperimenzio gunea, parte hartze aktiboa izaten ari da Zinemaldiko artxibo historikoaren diseinuan. Proiektuari hasiera eman zitzaionetik Medialabek artxiboen eta liburutegien inguruan duen ezagutza eta eskarmentua Z70 ekimeneko lantaldearen zerbitzura jarri du, artxibo-egituraren, -metadatuen eta, oro har, alderdi teknikoenen aholkularitza eskainiz.
Z70 proiektuak agerian jarriko du 1953az geroztik Zinemaldiaren artxiboan gorde diren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta berri laburrak egunkari eta aldizkarietan, liburuak…). Proiektuaren helburu nagusia da hausnarketa bat piztea Zinemaldiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere.