Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan, Tabakalerako 2deo euskarazko ikus-entzunezko laborategiak, SSIFF eta Gaztea/EITBrekin elkarlanean, #2deotikZinemaldira ekimena abiatuko du. Tabakalerako 2deoren eskutik, laborategian lanean aritzen diren egoiliarrek eta sareetan ezagunak diren eduki digitalen sortzaile gazteek osatutako talde batek Donostia Zinemaldia barrutik jarraituko du sare sozialen bidez, euskaraz eta formatu eta eduki digital berriak erabiliz.
Honenbestez, euskarazko jarraipena egin ahal izango da Donostiako Zinemaldiak iraungo duen bederatzi egunetan, irailaren 16tik 24ra, Tik Tok, Twitch, Youtube, Instagram eta Twiterren, 2deoko sortzaileek #2deotikZinemaldira traolarekin argitaratuko dituzten edukien bidez. Ekimen honekin, Tabakalerako 2deok euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa bultzatu nahi ditu, eta formatu berriak sustatu, eta Donostia zinemaldian egingo du bere lehen esperientzia.
#2deotikZinemaldira-Gaztea/EITBrekin lankidetza
70. Zinemaldian, Gazteak jarraipen berezia egingo du Twitch bidez. Ibon Fernandezen kazetari eta aurkezlearen eskutik, Donostiako zinemaren festako ekitaldi nagusiak jarraituko dira Gaztearen Twitch kanalaren estreinaldian. Orotara, zuzeneko hiru saio eskainiko dira: Zinemaldiaren irekiera, Euskal Zinemaren Gala eta itxiera ekitaldia. Horien guztien berri emateko, hainbat gonbidatu izango ditu Ibon Fernandezek, hain justu Tabakalerako 2deon lanean diharduten hainbat sortzaile.
#2deotikZinemaldira-ko sortzaile digitalak
Barrexerka taldeko Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazustak astero-astero egiten dute Polaina podkasta, gazteek eguneroko bizitzan dituzten kezka, arazo eta kuriositateak umore puntu batekin kontatuz. #2deotikZinemaldirako, laborategia utzi eta Donostia Zinemaldian murgilduko dira Polaina podkasta. Zinemaldia edition eskaintzeko: elkarrizketak, pelikulei buruzko aurre eta ondorengo iritziak, estreinaldiak, festak, alfonbra gorria…Gertatutakoak jaso eta, ondoren, umorezko doku-serie bat podkastak eta bideoak sortuko dituzte. Youtuben, Tik Token, Twitterren eta Instagramen jarraipena egingo dute.
Bestalde, euskara hutsean egindako eduki alternatiboak sortzen dituen Sutan Bang kolektiboko Amalia Ibargutxik, Garazi Rezabalek eta Julen Diazek, Donostia Zinemaldian protagonista izango diren zuzendari naiz aktoreei elkarrizketak, eztabaidak eta euskaraz egindako filmen iruzkinak egingo dituzte. Sortutako eduki digital guztiak eguneroko blogean Tik Token eta Youtubeko bideoetan argitaratuko dituzte.
Hauekin batera, Donostia Zinemaldiko Gazteriaren TCM sariko epaimahaikide izango den Nahiara Sillero aktoreak aurten Gazteriaren film irabazlea aukeratzeko prozesuaren barrenak erakutsiko dizkigu Tik tok eta Instagramen. Saria irabazteko hautagai diren filmak Horizontes Latinos Saileko zuzendarien lehen eta bigarren lanak, eta New Directors Saileko filmak dira.
Gaizka Izagirre, Gaztezuloko zuzendaria eta film eta telesail kritikaria da, eta zortzi urte baino gehiago daramatza Gaztea, ETB, Argia, Euskadi Irratia, Hamaika TB, Ttap edota Zinea.eus bezalako komunikabideetan. Zinema bere bizitzako pasioa dela esatea oso motz geratzea da. Feroz Sariak banatzen dituen Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kidea ere bada. Sare sozialetan ere aktiboki partekatzen ditu zinema gomendioak, Twitter, Twitch eta Tik Tok-en bereziki. Donostiako Zinemaldiko jarraipen arina eta informala egingo du eta plataforma bakoitzaren lengoaiaz baliatuko da eduki desberdinak sortzeko.
Azkenik, La Pirri eta La PantOi! influenzerrak Donostia Zinemaldiko famatuen outfiten inguruan arituko dira Twitterren eta Twitchen: moda erreferenteak, euskal modak Zinemaldian duen presentzia, eta protagonista dotoreenen bila ibiliko dira. Twitch eta Twitterren argitaratuko dira euren moda komentarioak.
2deoTIK zozketa
2deotikZinemaldira ekimenak zozketa bat ere izango du: Zinemaldiko merchandisingarekin osatutako kit-a eta film saritu baten emanaldirako bi sarrera eskuratzeko aukera izango da eta zozketa Tabakalerako Instagramen egingo da.
#2deotikZinemaldira ekimenak herritarren parte-hartzea sustatzea ere badu helburu, eta beraz, “guztiok sortzaile” garen neurrian, herritarrei gonbidapena luzatzen zaie bakoitzak bere sareetatik Zinemaldiko kontaketa propioa zabaldu dezan: gustuko duten aktorearekin eginiko argazkia, ikusi berri duten filmaren kritika edota alfonbra gorriko giroa #2deotikZinemaldira traolarekin partekatuz.
Jarraitu Zinemaldia euskaraz Tik Tok, Twitch, Youtube, Instagram eta Twiterren Tabakalerako 2deo laborategiari esker