Gabriel Chaile artista argentinarraren ibilbidea jasotzen duen lehen erakusketa.
Gabriel Chaile artista argentinarrari (San Miguel de Tucumán, Argentina, 1985) erakunde batek eskaintzen dion lehen erakusketa da So eginez aldatu ginen (Contemplando es como fuimos cambiando). Bertan, artistaren ibilbide osoa biltzen da: bere hastapenetatik, Lisboako bere estudioan egun sortzen dituen lanetaraino.
Chaileren lan gehienak eskulturak badira ere, marrazkiak edo instalazioak ere naturalki sortu izan ditu, usadioa, memoria eta nortasuna uztartuz esanahiz beteriko obretan. Marrazkia eta aurkitutako objektuak landuz hasi zuen bere ibilbidea, eta ondoren, adobea, buztina edo metala erabiliz sorturiko eskulturara egin zuen jauzi. Material horien erabilerari esker bere lanek ikusizkoa denaz haraindi doan indar sinbolikoa hartzen dute.
Gabriel Chaile artista ezaguterrazenen artean dago egungo eskulturaren arloan, adobezko bere pieza handiei esker. Aipatu lanek artistaren jaiotze-eskualdetik gertuko La Candelaria kulturaren kolonaurreko zeramiken morfologia dakarte gogora. Gaur egun, behinolako teknikak ikertzen eta hedatzen jarraitzen du Chailek, iraganaren eta orainaren, norbanakoaren eta kolektiboaren arteko harremanaz berriz hausnartzera garamatzaten narratiba alternatiboak eraikitzeko.
Gabriel Chaileren estudioan daukaten lan egiteko modu kolektiboa ere nabarmendu nahi du erakusketak. Lisboan bizi da pandemiaz geroztik eta bere estudioan sorkuntza indibiduala eta kolektiboa tartekatzen duten hainbat artistek lan egiten dute. Horrexegatik, talde horretako Tomás Bargãoren pieza bat ere ikusgai dago. Chailek gonbidatuta, Bargãok obra berri bat sortu du erakusketa honetarako.
Gabriel Chailek 2022ko Veneziako bienalean parte hartu du eta Buenos Airesko Arte Modernoko Museoan (MAMBA), Londresko Studio Voltairen edo New Yorkeko High Linean erakutsi ditu bere lanak.
Erakusketa hau Tabakaleraren urteko programazioaren barruan kokatzen da. Aurten, Eduardo Chillidaren mendeurrena dela eta, eskultura-praktika aitzakiatzat hartu da eskultura garaikidearen joera ezberdinak erakusteko.
Eskertza: TBA21 Thyssen-Bornemisza Art Contemporary Collection, ChertLüdde, Berlín, Servais Family Collection, Bruselas, Colección Oliva Arauna.