Donostiko zein leku erabiltzen ditugu gure lagunekin? Norekin gurutzatzen gara? Leku horietan gustora sentitzen gara? Bertan sortzen diren harremanak aldatu nahiko genituzke? Zapalkuntzaren bat bizitzen dugula uste dugu? Nola agertzen da edo zein forma hartzen du zapalkuntza hori? Nola eraldatu ditzakegu botere harreman horiek?
2019/20 ikasturtean zehar zinea, serigrafia edo koreografia landuko ditugu, artista eta zinegile ezberdinen partehartzeaz lagunduta. Irailean hasi dugu ikasturtea Donostiako Zinemaldiko filme bat ikusten eta hiriko hormaren batean sorkuntza kolektiboa irudikatu, arropa marka bat sortu edo gure pelikula propioa ekoiztuz bukatzea espero dugu.
Aisialdian Tabakalera erabiltzen duten gazte horietako bat bazara eta taldearekin bat egin nahi baduzu, idatzi hezkuntza@tabakalera.eu helbidera edo bila gaitzazu ostiralero eraikinean zehar!
Zinea
Iraila eta urrian zehar, Julieta Juncadellak eta José María Avilesek, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle eta zinemagileek, zinema taldeari hurbildu eta zinema adierazpen-tresna gisa pentsatzeko lantegi bat proposatu zuten.
Metodologikoki lantegia hiru ataletan planteatzen da. Lehena, zineman funtsezkoak diren gai kontzeptual eta teorikoei buruzkoa: zer da plano bat, sekuentzia bat, gidoi bat…? Nola erabili kamera, tripodea, soinu-grabagailua...? Bigarren atala praktikara zuzenduta: Tabakalerako eraikina esplorazio-gune bezala ulertuta bideo-ariketa txikiak egiten dira. Azkenik, paraleloki bi taldetan lan egiten da bi film labur sortzeko, aldez aurretik ikasitako jarraibideei jarraituz: gidoiaren sorkuntza, story-board, grabazioa eta muntaketa kolektiboa.
Horretaz gain, ikasturte osoan zehar film ezberdinak ikusi ahal izango ditugu hiriko zinema-aretoetan, 2019ko Zinemaldia (Jean-Gabriel Périot-en Nos defaîtes), estreinaldi (edo Oliver Laxe-ren O que arde) edo bestelako proiekzioak, hain zuzen ere.
Prozesuan egindako film laburrak:
Serigrafia
Maddi Zumalabe eta Jon Arangurenekin (Asteazkenak Estudioa) elkarlanean garatutako lantegi honetan, serigrafiaren eta estanpazioaren teknikara hurbiltzea planteatu da, gure diseinu propioak sortu eta gure arropa estanpatu ahal izateko.
Prozesuan zehar serigrafiako sorkuntzaren fase ezberdinak ikusiko dira: lehen ideiak eta zirriborroak sortzeko marrazkiak, kutxa insoladora baten autoeraikuntza edo estanpazio-tekniketan sakontzea. Kolektibo gisa errepresentatzen gaituen iruditegiari buruz hausnatu eta aldi berean nolabaiteko iraunkortasun eta autonomia ahalbidetzeko tresnak sortzea dugu helburu gisa.
Lehenengo saioetan, marrazkiaren bidez arropetan estanpatu nahi dugun logo edo marka sortzeko ideiak bilduko dira. Zer mezu helarazi nahi dugu? Gazte-talde gisa, zein izango litzateke errepresentatzen gaituen irudia? Hurrengo pausu bezala, Hirikilabsen kutxa intsolatzaile bat eraikitzen ikasiko dugu, gure marrazkiak pantailetan proiektatu eta finkatzeko. Eta, bukatzeko, pantaila horietan sortutako irudiak arropetan estanpatzen ikasiko dugu.
Generoa, Arraza, Klasea: Kontact-inprobisazio lantegia
Kontakt-inprobisazio metodoen eta gorputz-adierazpeneko ariketen bidez, praktikan jarriko dugu dantzatutako koreografia bat, arrazan, generoan, sexuan, klase sozialean eta abarretan oinarritutako botere-harremanetatik eratorritako egoerak jorratuz. Rachid Farhan-ek eta Zahrat Essawssane Bourhil-ek gidatutako lantegi hauek genero- eta maskulinitate-gaiei buruz hitz egiteko ere balioko dute: estereotipoen identifikazioa, genero-rolak, desparekotasunei buruzko hausnarketa eta botere-harremanak. Ikuspegi parte-hartzaile eta sortzailearekin sortu dira, eta parte-hartzaile bakoitzari hausnarketan libreki parte hartzeko aukera ematen diote, jolas dinamikoen bidez.
2019/20 ikasturtean zehar zinea, serigrafia edo koreografia landuko ditugu, artista eta zinegile ezberdinen parte-hartzeaz lagunduta.