Apirilean Kontatutako zinea zikloaren bi saio izango ditugu. Alde batetik, Arantza Santesteban izango dugu gurekin apirilaren 3an. Giza Eskubideen Zinemaldiaren testuinguruan, 918 Gau bere pelikularen inguruan hitz egingo du. Bestetik, apirilaren 23an, larunbata, Chema García Ibarra eta Leonor Díaz etorriko dira Tabakalerara. Kasu honetan, García Ibarrak zuzendutako Espíritu sagrado filma izango da saioko protagonista.
Kontatutako zinea zikloaren saioetan gertatzen dena oso berezia da: pelikuletan parte hartu duten profesionalek filma egiteko prozesua kontatzen digute. Pelikula ikusita soilik inoiz jakingo ez zenituzkeen gauzak: gidoiaren bertsioak, casting-a, kamera-probak, zalantzak, muntaiaren bertsioak eta abar. Pelikula bat, hartzen diren erabakien arabera, pelikula asko izan litezke.
Kontatutako zinea saioetan, askotan, hartutako erabakien zergatiak ezagutzeko aukera izaten dugu. 2018an zikloaren hitzaurre bat izan genuen: Mikel Gurrea eta Carla Simónen arteko elkarrizketak Estiu 1993 filmaren inguruko kontuak ezagutzeko parada eskaini zuen; baina, berez, zikloari 2020ko urtarrilean eman genion hasiera. Lehenengo saio hartan Moriartiko Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga izan genituen La trinchera infinita pelikularen prozesuaren inguruan hizketan. Aurrerago, Oliver Laxe O que arde-ri buruz, Carlos Marqués-Marcet Els dies que vindran-i buruz, Mursego eta Aran Calleja musikariak Akelarre-ren inguruan, Itsaso Arana eta Soleá Morente La virgen de agosto-ri buruz, Dea Kulumbegashvili Beginning-en inguruan, Koldo Almandoz eta Marian Fernández Hondar ahoak seriearen inguruan, David Pérez Sañudo Ane-ri buruz hizketan, Radu Jude Un polvo desafortunado o porno loco abiapuntu hartuta eta, azkenik, Carlos Casas Cemetery-ri buruz hizketan. Apirilean beste bi saio izango ditugu eta, udazkenetik aurrera, pelikula berrien inguruko sekretuak jakiteko aukera izango dugu.