Christine Vachonekin NEW QUEER CINEMA mugimenduaren sorrera eta bilakaerari buruz hitz egin dugu saio honetan, ekoitzi dituen obrarik ikonikoenetako batzuk berrikusiz: POISON (Todd Haynes, 1991), GO FISH (Rose Troche, 1994), BOYS DON 'T CRY (Kimberly Peirce, 1999), FAR FROM HEAVEN (Todd Haynes, 2002).
Christine Vachon AEBetako zinema independentearen barruan sortu zen NEW QUEER CINEMA mugimenduaren bultzatzaileetako bat izan zen –Todd Haynes, Cheryl Dunye, Isaac Julien, Gus Van Sant, Tom Kalin, Derek Jarman eta Gregg Arakirekin batera, besteak beste– 90eko hamarkadaren hasieran.
1992 urtean B. Ruby Rich kazetari eta kritikari feministak izen hori sortu zuen zinema eta bideo mugimendu berria izendatzeko. Erabat politikoa eta estetikoki berritzailea zen, queer artista, zinemagile eta aktibistek sustatua, genero eta sexualitate aniztasun handiagoa, aurreiritzirik gabeko begirada, komunitateen duintasuna eta pantailetan LGBT irudikapen handiagoa eskatzen zutena.
Gainera, 1992 urte erabakigarria izan zen queer zinema independentearentzat, zinema jaialdietan ezohiko presentzia lortu zuelako. New Yorkeko Zinemaldiaren hitzordutik, Toronto eta Sundanceko jaialdietara, etab. Vachonen beraren hitzetan, film horietan jarri zen fokua eta komertzialki bideragarriak izan daitezkeela frogatu zen (New Queer Cinema, B. Ruby Rich, Duke Universit Press, 2013).
Testuinguru horretan sortu zen KILLER FILMS, Vachonek sortutako zinema independenteko ekoiztetxea. Gaur egun, aski ezaguna den izena bilakatu da azken 30 urte hauetako LGBTQ film garrantzitsuenetako askoren sustatzaile gisa. Horien artean daude: “Far From Heaven", "Boys Don't Cry”, “Go Fish” edo “Kids”.
Maiatzaren 31n Christine Vachonekin hitz egin genuen Tabakaleran NEW QUEER CINEMA mugimendua sortu zeneko testuinguruaz eta gaur arte izan duen bilakaeraz. Baita industriak produkzioaren esparruan bizi izan duen eraldaketaz ere. Hori guztia bere lanik ikonikoenetako batzuk berrikusten ditugun bitartean.