Deialdi honen helburua da arte-pieza digitalak sortzea, eta edukiak eta formatu berriak erabiltzen dituzten sortzaileen lana babestea. Hainbat esparrutan egiten dute lan, besteak beste, 3D sorkuntza, digital art, virtual art, eta errealitate birtuala eta areagotua. Helburu artistikoa duten beste formatu hibridoentzat ere badute tokia (murgiltze-esperientziak, appak, bideo-joko kritiko edo artistikoak, interaktiboak...).
Era berean, egungo errealitate digitaletik, Internetekin lotutako narratibetatik, inteligentzia artifizialetatik, identitate hibridoetatik eta avatarretatik eta mundu birtualeko presentziatik eratorritako gaien tratamenduari ere erreparatzen dio deialdiak.
Proiektuen egonaldia urrunean egingo da eta lau eta zortzi aste bitartekoa izango da, proposamen artistikoa eratzeko testuingurua eta denbora emango da. Hiru proposamen hautatuko dira eta Medialab Tabakalera eta KGNZ Tabakalerako euskarri digitaletan eta ekitaldietan erakutsi ahal izango dira. Hazteko helburua duen galeria edo pieza bilduma osatuko dute.