Donostia Zinemaldiaren historiara hurbilketa bat da ziklo hau, 40 film inguru proiektatuko ditu, 1953az geroztik bere programatik igarotakoak, eta batez ere sail ofizialen eta zuzendari berriei eskainitakoen artetik aukeratuak.
“Zinemaldia 70” Nosferatu zikloa, Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana-ren lankidetzarekin, 2022ko urtarrilaren eta abenduaren artean garatuko da. Hamabi hilabete horietan zehar hurbilketa bat eskainiko du Donostia Zinemaldiaren historiara eta, hartara, 40 film inguru proiektatuko ditu, 1953az geroztik bere programatik igarotakoak, eta batez ere sail ofizialen eta zuzendari berriei eskainitakoen artetik aukeratuak. Zikloarekin batera Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián, Colección Nosferatu-ren 18.a liburua editutako da urtarrilean, Quim Casasek koordinatuta.
Urritik abendura, zikloak 1988 eta 2010 urteak hartuko ditu, azken hamarkada programatu gabe utziz, gure publikoaren oroimenean freskoena delako. Joris Ivens-Marceline Loridanengandik Pablo Larrainenganaino. Une histoire de vent proiektatuko da hiruhileko honen lehen saioan eta dokumentalak presentzia handia izango du ondoren etorriko direnetan. Barbara Kopple estatubatuarraren American Dream, José Luis Guerín espainiarraren En construcción eta Naomi Kawase japoniarraren Genpin izango dira ikusiko ditugun film batzuk. Erresuma Batuko Sarah Gavron eta Samira Makhmalbaf irandarra ere hautatutako errealizadoreen zerrendan daude.
Asiako zinema gehiago ere izango da zikloaren azken hilabeteetan. Hala nola Tsai Ming-liangek zuzendutako Rebels of the Neon God film garrantzitsua eta Ryusuke Hamaguchi Donostiako Zinemaldian kontsagratu zuen Passion.
Errepaso hau amaitzeko, izaera desberdineko bi plazer: Ted Demmeren Beautiful Girls goxoa, urteekin gero eta mitikoagoa bilakatzen ari dena, eta Nicolas Winding Refnen opera prima, Pusher.
Azaroak, gainera, Katixa Agirreren euskarazko eleberri labur dibertigarri baten aurkezpen publikoa ekarriko digu, Literaktum programarekin koordinatuta.