Artearen, zientziaren eta teknologiaren ikerketa, sormena eta profesionalizazioa euskal testuinguru artistikoan sustatu guran, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterrak egonaldi programa bat jarri dute abian.
Tabakalerak, arte sorkuntzarako gunea den aldetik, egonaldi programa batzuk dauzka artista, sortzaile eta kultur eragileei sostengua emateko. Programa honen helburu nagusia da arte prozesuetarako laguntza eta sostengua ematea, bai alde kontzeptualean eta bai ekoizpenean. Gainera, Medialab abian jarri zuenetik, artisten, zientzialarien eta jakintzaren beste arlo batzuetako espezialisten arteko lankidetza ere sustatzen du, Arte, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ildoaren bitartez.
Elkarlaneko programa berri honekin, zientzia eta teknologiarekiko topagunea bilatzen duten arte proiektuak sustatuko dira, eta proiektuok garatzeko aliantzak bilatuko dira gure inguruneko ikerguneekin.