Estiu 1993 (Verano 1993), Carla Simón, Espainia 2017, 97’
18:00 > Elkarrizketa: Mikel Gurrea & Carla Simón.
19:30 > Proiekzioa eta publikoarekin solasaldia
"Carla eta biok London Film Schooleko klasekide izan ginen. Norberak idatzitako gidoiak besteari erakusten genizkion, iritzi eske, hobetzeko asmoz. Hainbat film laburretan elkarlanean ibili ginen eta bata bestearen graduaziozko proiektuaren zuzendari-laguntzaile izan zen. Eskolan, zinema egiteko gertu geneuzkan ezaugarrietara jotzera animatzen gintuzten: pertsonaiak eta testuinguruak, ezagunak zaizkigun emozio eta begiradak. Gogoan dut bere aparteko haurtzaroan oinarrituko zen gidoia idatzi nahi zuela kontatu zidala. Urtebete geroago, xehetasun biziko eta egitura borobileko dozenaka zirriborro bidali zizkidan. Horietako bakoitzean Estiu 1993 film indartsu eta zintzoa izango zela antzematen zen. Hurrengo urtean zehar, kasting prozesuko bideoak, aktoreen arteko harremanak sortzeko saioak eta grabaketa osteko muntaiaren hainbat bertsio erakutsi zizkidan. Ikasgai handia izan da niretzat Carlaren prozesua horren gertutik bizitzea eta zoragarria ikusleek eta kritikak bere opera primari egin dioten harrera itzela ikustea. Bidaia horren guztiaren errepaso bat egitea proposatu zigutenean, biok aho batez baietz erantzun genuen. Horrela arituko gara, zinema eskolan ikasitakoaz, bere zinemagile prozesuaz, partaide garen Cinema en curs – Zinema (h)abian proiektuaz, “iraganeko zinemak eta egungo zinema ezberdinak norberaren zinema pertsonala pentsatzen lagundu gaitzakela” Alain Bergalak esaten zuen horretaz; azken batean: zinemaz eta bizitzaz arituko gara. Lagun artean erraza eta atsegina delako.".
Mikel Gurrea.