Tabakalerak, sorkuntzaren ikur den heinean, hainbat eta hainbat programa ditu abian bertako sortzaileen artean aukera berriak sustatu eta bultzatzeko.
Abenduaren 13 eta 14ean, urteari bukaera emateko, Tabakalerak sorkuntzaren ateak irekiko ditu.
Tabakalerak, nazioarteko egonaldi-programen, espazioen lagapenaren, dirulaguntzen, aholkularitza-saioen, mentorien edo jarraipen-programen sustatzaile gisa, ateak irekitzen ditu bertan bizi den sormen-mundua partekatzeko.
Sortzaileen eskutik, Artisten Gunean eta ikus-entzunezko laborategian garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko aukera izango dugu. 2024an bultzatutako programen emaitzak erakutsiko dira. Aldiz, 3. solariuko pasabidean, Medialab barruan bultzatzen diren ekimenen barruan, Eginzaleak! programak etorkizun jasangarri baterako janaria eta maker praktikak aztertuko ditu.
Tabakalerako zinean, Zinemaldiak Tabakalerarekin elkarlanean egiten duen Nest film laburren lehiaketako aurtengo irabazleen lanak proiektatuko dira.
Zinearekin jarraituz, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) bere ateak zabalduko ditu. Bide batez, Hipotesiak 2024 izeneko eskolako master amaierako lanen aurkezpen publikoa egingo da eskolako aretoan.