IMMATERIAL errealitate digitalaren paradigmaren inguruko topaketa esperimentala da. Printzipioz interes edo profil jakin batzuk dituzten pertsonenkin erlazionatzen dugu presentzia digitalaren paradigma, hala nola, bideojokalariak, adin-tarte edo azpikultura jakin batzuekin. Baina, gizartearen ludifikazioak eta ikusizko kulturaren logikek gero eta gehiago interpelatzen gaituzte bideo-jokotik eratorritako kode eta lengoaietan, eta birtualtasuna leku immaterial eta erreal gisa planteatzen duten lurralde digitaletara garamatzate (era berean) gero eta sarriago.
IMMATERIAL programak espazio birtualaren eta horrek dituen logiken inguruko topaketa proposatzen du. Avatarra, autoantzezpena, lekuan egotea edo gorputzak digitalki ulertzeko moduak aztertuz. Espazio birtual bezala izendatzen direnei buruzko topaketa da, hauek gizarte harremanetarako, praktika kulturalerako eta esperimentazio artistikorako gune diren heinean. Digitalki bitarteraturiko harreman ez fisikoetan gertatzen diren errealitateak publikoari aurkeztea du helburu topaketak, eztabaida honetan gaur egun agertzen diren gakoetako batzuk azalduz. Horretarako, ingurune edo playground bat sortzen saiatuko gara, arlo fisikoa eta birtuala, sormen praktika eta praktika teorikoa, arlo ludikoa eta politikoa hibridatzeko asmoz. Hau lortzeko, eragile eta kolektibo aktiboen ikuspegiak eta praktikak batuko dira espazio horietan, eta beren ikuspuntu tematikoak ekarriko dituzte, haien erreferentziazko komunitateak gonbidatu eta erakartzeko.
Topaketa 2deo euskarazko ikus-entzunezko laborategian gertatuko da, eta espazioa hainbat gunetan banatuko da: lantegia, Immaterial TV, errealitate birtualeko betaurrekoak probatzeko gunea...
ORDUTEGIA:
Errealitate birtualeko betaurrekoak (+14 urte): ostirala (apirilak 1) eta larunbata (apirilak 2), 12:00-14:00/16:00-18:00