X-radiograph of Edgar Degas’s “Arabesque over the Right Leg, Left Arm in Front" ©Fitzwilliam Museum
Tabakalerak Ariketak: la segunda respiración ardatz tematikoa proposatu du 2018-2019 biurtekorako. Tarte horretarako hitzaldiz, mintegiz, erakusketaz eta zinema- eta musika-zikloz osatutako egitaraua prestatu du.
Arnas luzeko proiektu berri honek «ariketa» kontzeptua hartuko du abiapuntu, esanahi zehatzenean: «gauzatuko dituenarentzat hobetzeko helburua duten prozeduren multzoa».
Mendebaldeko pentsamoldea historikoki markatu duten dikotomiek zerikusia dute gorputz-ariketaren eta buru-ariketaren arteko banaketarekin. Bereizketa horrek parez pare jartzen ditu gorputza eta arima, psikikoa eta somatikoa, emozioa eta arrazoia.
Bi ariketa mota horiek metodologia berean bateratzeak oso bestelako ariketa-esparruen analisira bideratzen gaitu: lan-jarduera, kirola, aisialdia, praktika artistikoak, edota norbera asetzea eta hobetzea lortzeko helburu korapilatsuarekin lotutako arloak.
Ideia poliedriko hori oinarri gisa hartuta, helburua da datozen bi urteetan hainbat ikuspuntu, ahots eta diziplina barne hartuko dituen gogoeta-prozesu bat irekitzea ariketaren kontzeptuari buruz.