Gure pertzepzio zuzenetik at dagoen azken esentzia duen mundu baten aurrean sortzen diren kontraesanak eta zalantzak aztertzen dituen erakusketa.

Azken mendean, mugitzen garen panoramak elkarri lotzen, bitan banatzen eta keinuka ari direla dirudi. Aldi honetan zehar, unibertsoa, bere eskala guztietan, kuantikoa dela egiaztatu da. Printzipio probabilistikoen bidez deskribatzen da errealitatea, eta horrek irauli egin du munduaz dugun ikuskera. Erlatibitatearen eta mekanika kuantikoaren teoriak XX. mendean ekarritako aldaketa sakonak zientziaren mugak gainditu zituen, eta beste diziplina batzuetan eragin eta aurreko ziurtasunei egin zien aurre. Alde batetik, aldiberekotasuna mugimenduaren menpe dagoela frogatu zuen erlatibitateak; bestetik, zoriak gidatutako mundua erakutsi zuen mekanika kuantikoak.
Visiones cuánticas (Ikuspegi kuantikoak) izenak kuantikari heltzen zaion ikuspegi anitzetan du jatorria, eta unibertsoaren posibilitateek eta kontraesanek hainbat planteamendu inspiratzen dituztela aditzera ematen du. Erakusketan bildutako hamaika artistaren lanen abiapuntua hauxe da, errealitatea, neurri handi batean, arbitrarioa izatea. Unibertso kuantikoan, ziurra dirudiena desagertu egiten da, eta posibilitatea eta kontraesana giltzarri bihurtzen dira errealitatea ulertzeko.
Erakusketa honek ikuspegien kaleidoskopio bat izan nahi du. Ikuspegi horiek mundu fisikoa birplanteatu eta giza zientzietara hedatzen dute eztabaida kuantikoa. Artistek, beren lanen bidez, zalantzan jartzen dituzte ezagutzaren mugak, eta errealitatearen ikuskera berriak proposatzen dituzte. Eta konbergentzia-gune honetan elkar hartzen dute arteak eta zientziak, zalantzazkoaz eta zehaztugabeaz aritzeko. Hala, bi diziplinek konparazioa eta analogia baliatzen dituzte mundu kuantikoaren aukera amaigabeak aztertu eta horiei buruz espekulatzeko.
Visiones cuánticas Basileako HEK (Haus der Elektronischen Künste) eta Eindhoveneko MU Hybrid Art Houserekin batera ekoitzitako erakusketa da eta hiri horietara bidaiatuko du Tabakaleratik igaro ondoren. Erakusketa honek Arts at CERN programaren arduraduna den Mónica Belloren komisariotza izan du, eta baita HEK (Sabine Himmelsbach) eta MUko komisarioen (Angelique Spaninks) partaidetza ere, proiekturako euren ikuspegi kuratoriala eman dutenak. Visiones cuánticas Ikerketa Nuklearrerako Europako Zentroarekin (CERN), Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Teknikerekin lankidetzan garatu da, zientzia eta teknologia-bazkide gisa jardun baitute.
Kuantika dibulgatzeko eta hurbiltzeko espazioa.
Erakusketa-aretoaren erdigunean, erakusketaren atariko gisa, fisika kuantikoari buruzko dibulgazio-gune berritzaile bat diseinatu da. Sei pantailako instalazio baten bidez, publikoak eduki hezitzaile eta gogoeta sustatzen dutenak jasotzeko aukera izango du, kuantikaren funtsezko kontzeptuak ulertzen laguntzen duten edukiak, hain zuzen. Proposamen honen helburua da fisika kuantikoaren printzipio konplexuak publiko orokorrari hurbiltzea, Tabakalerak ezagutzaren hedapenarekin eta askotariko publikoekiko interakzioarekin duen konpromisoa indartuta. Erakusketaren beraren barruko “erakusketa txiki” hau, Zientzia, Gasteizera eta Bilbora eramango dute, zehazki Azkuna Zentrora (Bilboko Alondegia) datorren urriaren erdialdean.
Instalazioa Tabakaleraren ekoizpena da, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin. DIPCk eta Morgancrea estudioak batera garatu dituzte eduki zientifikoak eta Moduz kolektiboak diseinua egin du. Bertan, zientzialariek eta kuantikan adituek parte hartu dute, hala nola José Luis Crespo (Quantum Fracture) dibulgatzaile zientifikoak eta Sonia Fernández-Vidal idazle fisika kuantikoan doktore eta dibulgatzaile zientifikoak.
Bitartekaritza- eta dibulgazio-programa, artearen eta kuantikaren esparruetako aditu nabarien partaidetzarekin.
Erakusketarekin batera, Tabakalerak bitartekaritza-programa publiko zabala diseinatu du, eta horretan biltzen dira bisita solasaldiak, artistekin, zientzialariekin eta kuantikaren eremuko adituekin hitzaldiak eta mahai-inguruak, zinema-proiekzioak, erakusketan parte hartzen duten artistek eurek zuzendutako lantegiak eta publiko guztiei zuzendutako hezkuntza-jarduerak.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lankidetza estrategikoari esker, dibulgaziorako hainbat eduki eta formatu diseinatu dira (hitzaldiak, haurrentzako lantegiak, etab.), eta dibulgazio zientifikoko ekitaldi eta programetan sartuko dira (hala nola NAUKAS, BILBO ZIENTZIA PLAZA edo BIDEBARRIETA ZIENTIFIKOA), baita Guggenheim Bilbao Museoa bezalako instituzio artistiko garrantzitsuetan ere.
Programa honetan izango diren parte-hartzaileen artean izen ezagunak daude, hala nola Jon Uriarte komisarioa eta ikertzailea, Maushaus hezkuntza-kolektiboa, Rocío Vidal dibulgatzaile zientifikoa (La Gata de Schrödinger), José Luis Crespo dibulgatzaile zientifikoa (Quantum Fracture), Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendaria eta Mijo Lizarzaburu filosofoa. Horiek, beste artista, zientzialari eta aditu batzuekin batera, programazioa aberastuko dute fisika kuantikoari eta horrek arte garaikidean duen eraginari buruzko ezagutza eta ikuspegiekin.
Urte amaieran Donostian instalatuko den Quantum ꟷIBMren konputadore kuantikoaꟷ iristearekin batera, erakusketa hau eta berari lotutako programa dira Tabakalerak egiten dion ekarpena Zientziaren eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urteari.
